Etxalarko igerilekuetan denboraldi berezia izanen da aurtengoa. Apirilaz geroztik sorosle bila ibili ondotik, bat aurkitu eta uztailaren 5ean zabaldu zituen Udalak igerilekuak. Beratar batek bere burua aurkeztu zuen eta bera hasi zen lan horretan. Baina bi egunen buruan kontratua bertan behera uztea eskatu zuen.
Asteartean, uztailaren 8an, bertze igerileku batetik eskaintza «hobea» jaso zuela eta kontratua eteteko eskatu zuen, bertze igerilekura zihoala erranez. Hala, Etxalarko Udalak ez ohiko erabakia hartu behar izan du: uztaileko asteburuetan zabalduko dute, eta abuztuaren lehendabiziko bi asteetan. Lantegi batean lanean ari den herritar batek hartuko du igerilekuak zabalik daudenetan soroslearen ardura.
Etxalartarrek dohainik
Egoera hau dela eta, bonoa hartu zuten etxalartarrei dirua itzuliko zaie eta aprobetxatzeko moduko eguraldia egiten duen egunetan sarrera dohainik izanen dute. Kanpokoek, berriz, eguneko sarrera ordaindu beharko dute.
Gainerakoan, Udalbatza ortziralean bilduko da, eta orduan erabakiko dute zer egin gertatutakoarekin.