Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatuko dira Iruñeko Sanferminetan. Horietatik aunitzetan Nafarroako txapelduna erabakitzeko baliagarriak izanen dira. Eskualdeko kirolariek ere tartean izanen dira eta momentuz jokatu diren saioetan han izan dira.
Nafarroako Harri-Jasotze Txapelketa
Atzo, uztailak 9, Nafarroako Harri-Jasotzeko Txapelketa jokatu zen, eta Unai Bertiz sunbildarrak jantzi zuen txapela, 5.812,5 kilo bizkarreratu, eta 100 kiloko aldea aterata Josetxo Urrutia Leitzako bigarren sailkatuari. Hortaz, jasoaldi bateko aldea atera zion Bertizek Urrutiari.
Eztabaida tartean
Eztabaida ere sortu zen. Izan ere, epaileak 100 kiloko bolarekin jasoaldi bat guttiago eman zion Bertizi, eta plazan zen kamara bati esker baieztatu ahal izan zuten Bertizek 16 jasoaldi egin zituela eta ez 15 jasoaldi. 100 kilokoaz gain, 125eko zilindroa eta 112,5eko kubikoa jaso behar izan zituzten.