Ekainaren 14an hasi zen Expo Zaragoza 2008 nazioarteko erakusketa ospetsua, eta irailaren 14a bitarte zabalik egonen da. Aurten ura gaiaren inguruan antolatu dute erakusketa. Hego zein Ipar Euskal Herriko hainbat ordezkari han izan dira dagoeneko, eta tartean eskualdekoak.
Joan den larunbatean, uztailak 5, Nafarroako mendialdeari eskainitako eguna izan zen. Horren harira, Zubietako joaldunek eta Elizondoko Musika Bandak gonbidatu gisa parte hartu zuten.
Arratsaldean, 17:30etik 19:00etara bitartean kalejiran ibili ziren bai joaldunak eta bai Elizondoko Bandako musikariak ere. Joaldunak izan ziren, gainera, kalejirari bidea ireki ziotenak, eta ikusleen harridurarako eta gozamenerako batera eta bertzera ibili dira euren joariak astintzen. Elizondoko Musika Bandak, berriz, biribilketak eta pasodobleak eskainiz egin zuen bere itzulia, Rosa Maria Sanchezen zuzendaritzapean.