Iñaki Bereauk irabazi du Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 10a

Lourdes Galarregik eta Izaskun Ariztegik ezin izan zuten iazko txapela berriz jantzi. TTIPI TTAPA

Iruñeko Sanferminetan Nafarroako hainbat txapelketa erabakiko dira

Azken urteotan bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta herri kirol saio andana jokatuko dira Iruñeko Sanferminetan. Horietatik aunitzetan Nafarroako txapelduna erabakitzeko baliagarriak izanen dira. Eskualdeko kirolariek ere tartean izanen dira eta momentuz jokatu diren saioetan han izan dira.

Maila Nagusiko Arpana Txapelketa

Atzo, uztailak 8, Maila Nagusiko Arpana Txapelketa jokatu zen. Gizonezkoetan, Julen Txoperena igantziarra eta Iñaki Portu lesakarra laugarren gelditu ziren. Kanaerdiko enborrari 14 ebaki etzanda eta lau zutik egiten 10 minutu eta 20 segundo behar izan zituzten.

Maila berean, baina emakumezkoetan, Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek ezin izan zituzten Euskal Herriko txapeldunei aitzin hartu. Joan den urtean txapela lortu zuten, baina aurten txapeldunengandik 34 segundora gelditu ziren. 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda ematen 11 minutu eta 57 behar izan zituzten.

Kadete mailako Nafarroako Arpana Txapelketan ere izan genuen eskualdeko ordezkaritza. Basaburuako Beñat Gartxitorena eta Asier Gamio laugarren gelditu ziren. 7 minutu eta 7 segundoko denboran eman zizkioten metroko enborrari 10 epai.

Lasto Altxatze Txapelketa

Nafarroako Lasto Altxatze Txapelketan, marka onak egin zituzten Igantziko lasto-altxatzaileek. Iñaki Bereau nagusitu zen 21 jasoaldi egin ondotik, eta bigarrena Xabi Sein gelditu zen, altxaldi bat guttiago eginda. Hirugarren posturako lehia estua izan zen Oskar Telletxea eta Carlos Seinen artean, baina Telletxeak 19. jasoaldia ere egin zuen denboratik at segundo batera; Carlosek ez zuen jasoaldi hori egin eta laugarren gelditu zen bera, 18 jasoaldi egin ondotik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun