Bigarren urtez segidan irabazi du Euskal Herriko Gazte Mailako Txapelketa Ander Erasun aurtiztarrak. Ekainaren 24an, San Juan Egunez jokatu zen txapelketa Andoainen eta Oihan Larretxea bigarren sailkatuari 22 segundoko aldea kendu zion. Gainera, Erasunek azken zazpi urteotako markarik onena egin zuen. Iaz berak egin zuen denborarik onena (10:37) lau 45 ontzako eta bi kanaerdiko mozteko eta aurten 14 segundoan hobetu du, 10:23ko lana eginez.
Lau aizkolari gazte aritu ziren lehian Andoaingo plazan. Arkaitz Olano leitzarra ere aritzekoa zen, baina ez zuen parte hartzerik izan. Ruben Saralegi leitzarra hirugarren izan zen eta Zumarragako Julen Aranbarri laugarren.
Bertzalde, ekainaren 28an jokatu zen Nafarroako 2. mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa. 13 aizkolari aritu ziren finalerako bortz txartelen bila. Denborarik onena Erasunek egin zuen. Bigarren postua Luis Mari Belarra doneztebarrarentzat izan zen. Bi hauek izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak finalean.