Iparraldeko Joku Torneoaren hainbat garaipen gelditu dira eskualdean

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

TTIPI TTAPA

Etxegaraik hiru segundogatik lortu du Euskal Herriko koxkor biltze txapelketarako txartela

Ekainaren 29an jokatu zen Orbaitzetan Iparraldeko Joku Torneoaren azken jardunaldia.

Koxkor biltzen, Berriozarko Josu Jimenez izan zen azkarrena, eta bigarren postua Berriozarko Iñaki Ekisoainek eskuratu zuen. Hirugarren postua, Berako Fernando Etxegaraik eskuratu zuen. Horrela erranda, badirudi postu kaxkarra egin zuela Berako kirolariak, baina kontuan hartu behar da goizean Izabako Camille Extreme proba gogorra irabazita agertu zela Orbaitzetara. Izan ere, Iparraldeko Joku Torneoko hiru probetatik bitako denborak hartzen dira kontuan sailkapen orokorra egiterakoan eta Etxegaraik bakarrean parte hartua zuen. Nafarroako nahiz Euskal Herriko txapelketan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa zuen Orbaitzetan ere parte hartzea eta horixe egin zuen. Gainera, sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuen, hiru segundo eskasengatik. Honenbertzez, abuztuaren 15ean, Baliarrainen (Gipuzkoa) jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen, Berriozarko Josu Jimenezekin batera.

Irailaren 27an Igantzin eginen den Nafarroako txapelketan, berriz, Jimenez eta Etxegarairekin batera, Ekisoain, Patxi Irazoki igantziarra eta Andoni Lasaga etxalartarra ariko dira.

Ingude altxatzen lehen bi saioetan baino garaipen garbiagoa lortu zuen Xabi Sein igantziarrak. 66 jasoaldi egin zituen, Joakin Aioroa iturendarrak baino 3 gehiago. Carlos Seinek 61 jasoaldi egin zituen eta Berako Ander Mitxelenak eta Berriozarko Asier Urbistondok 53na. Sailkapen orokorrean ere Xabi Sein nagusitu zen; bigarren Aioroa; hirugarren Carlos Sein; Mitxelena laugarren eta Asier Urbistondo bortzgarren.

Harri jasotzeko azken saioan ez zuten ez Unai Bertizek ez Josetxo Urrutiak ere parte hartzerik izan. Hortaz, lehenbiziko bi saioetako markak kontuan hartu ziren sailkapen orokorra osatzeko. Unai Bertiz sunbildarra nagusitu zen eta Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan zen.

Lasto altxatzen lehia estua izan zuten Xabi Seinek eta Oskar Telletxeak. Hamaikana altxaldi egin zituzten, baina 12.a egiteko 3 segundobehar izan zituen Seinek eta 5 segundo Telletxeak. Carlos Sein gelditu zen hirugarren.

Txingetan, lehen bi saioetan jaun eta jabe izan zen Miguel Angel Sukuntza leitzarra ez zela plazaratu aprobetxatuz, Jabier Galarregi etxalartarra nagusitu zen. Bigarren izan zen Berriozarko Imanol Martin. Sailkapen orokorrean, dena den, Miguel Angel Sukuntza izan zen garaile; Jabier Galarregi bigarren; Imanol Martin hirugarren, Josetxo Urrutia laugarren eta Joseba Petrirena beratarra bortzgarren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun