Franck DOLOSOR
Herriko bestak ederki iragan dira aurten ere. Momentu goxo ainitz izan da bortz egunez. Berritasunen artean aipagarria da karrikako saltokiak apaindu dituzten herriko saltzaileek Laminak berpiztu dituztela mozorroturik goxokiak banatzeko haurren artean.
Amotzeko bestak, berriz, asteburuan eginen dira. Larunbateko arratsaldeko lasterkaldiaren ondotik, gauean Entzun taldeak alaituko du Sarako bidean den auzoa. Igande goizean, kaperak ateak idekiko ditu meza ospatzeko. Ondotik bertso bazkaria eginen da Larraldean zikiroarekin. Publikoaren saria banatuko dute. Kristiñe Txoperena, Xan Alkhat, Patxi Iriart, Xumai Murua eta Mizel Mateo bertsolariek parte hartuko dute lehiaketa honetan. Gero, Peio eta Pantxoa bikote ospetsuak kantu goxoak eskainiko ditu. Amotzeko auzoan gazteak lan eta lan ari dira azken urteetan besta alai eta ikusgarriak prestatzeko.
Ohiturari jarraikiz, aurten ere su artifizialak izanen dira aintziran uztailaren 13ko gauean, besta egunaren bezperan. Aurten, lehen aldikotz aintzirako besta komiteak besta ttiki bat prestatu du arratsean. Talo, edateko eta musikaz gozatuko da su artifizialen eta aintziraren inguruan.