Uztailean, hiru egunetatik bitan ekitaldiren bat izanen da plazan

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

TTIPI TTAPA

Lapurdiko oineketarien bilgunea izanen da igandean herria

Aurten ere ez da ekitaldirik faltako udan. Turismo bulegoak uztaileko egitaraua atera berri du, eta kasik egunero ekitaldiren bat izanen da frontoian. Gehienak turistei begira antolatuak dira, baina gutti batzuetan herritarrek haien kontua aurkituko dute. Saratarrei zuzendutako besten artean, Zazpiak Bat dantza taldearen besta eginen da heldu den larunbatean zortzi, eta ondoko igandean, berriz, kermeza. Bietan dantza eta pilota erakustaldiak izanen dira, eta nola ez gosea asetzeko aukerak.

Gaineratiko ekitaldiei dagokionez, azken urteetan bezala segituko dute, astelehenetan, pilota partida txisteran, asteartetan, herri kirol saioa, eta asteazkenetan, dantza erakustaldia. Heldu den asteburuan egitaraua zertxobait aldatuko da, larunbatean Espainiako dantzak ikusten ahalko baitira kiroldegian. Igandean udako lehen feria eta GR8aren egunaren txanda izanen da. Horietan ere ez da animaziorik faltako.

Zortzigarren ibilbide luzea edo GR8 delakoaren eguna

Aurten ere, GR8 egunaren elkargunea gure herrian izanen da. Heldu den igandean Lapurdiko lau herritatik abiatuta oineketariak plazan elkartuko dira. Kanbotik hasiko direnak 28 kilometro egin beharko dituzte mendiz mendi. Bidean, Ezpeletakoak hartuko dituzte eta hauek 10 kilometro guttiago izanen dituzte egiteko. Azkenik, hurbilenak izanik, Senperetik eta Azkainetik abiatuko direnak 8 kilometro baizik ez dituzte egin beharko. Informazio gehiago nahi dutenek haien herriko turismo bulegora dei dezakete. Parte hartzeko bi euro eta erdi ordaindu beharko dira, jakinez itzultzeko autobusa barne dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun