Andoni eta Iker Espelosin pilotari gazteek denboraldi bikaina egin dute aurtengoan ere.
Andoni Espelosinek Herri Arteko txapelketa irabazi du eta bertze bi txapelketetako finaletara iristea ere lortu du, nahiz eta gero finaletan galdu duen. Lehendabizikoa buruz buru, Iruritako Azpirozen aurka. Eta bigarrena, berriz, Azpiroz bera bikote zuela, Gipuzkoako Hitza txapelketan galdu zuen Ordiziako Iribarria eta Larrearen aurka.
Iker anaiak, berriz, lau txapel irabazi ditu Enaitz Anso legasarrarekin batera: Altsasuko Txapelketan, Larraungo Igartua eta Soroari 18 eta 11 irabazi zieten; Herri Arteko finalean igantziarrak garaitu zituzten; Ezkurra Memorialaren finalean Berako Migelena eta Maritorenari 18 eta 3 irabazi zieten eta Barañaingo txapelketan, Berako bikote bera 8an utzi zuten.
Orain atseden ttiki bat hartuko dute abuztuaren bukaera arte gutti gorabehera, nahiz eta tartean Sunbillako txapelketa jokatu beharko duten. Zorionak bi anaiei!