50 urte igaro dira Lesakako fabrika martxan paratu zenetik

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

1966an ateratako argazkian, Esteban Pikabea, Daniel Gomez, Pepe Calvo, Mª Carmen Ubiria eta Rosa Mari Errandonea. Lantegiko lehendabiziko langileetakoak izan ziren. Argazkia Mitsubishiko montatzaile j

Tarte honetan, lantegi lokala izatetik multinazional baten eskuetara pasatu da

Ekainaren 16an 50 urte bete ziren Laminaciones de Lesaka lantegia sortu zenetik. 1958ko ekainaren 16an izan zen, eta 15 milioi pezetako kapitalarekin sortu zen. Kapital hori 1.100 milioi pezetara haunditu zen 1972an. Laminaciones de Lesaka lantegia Jose Luis Varez katalanak bultzatu zuen. Txatargile honek tailerra zuen Pasai Antxon, Planeados Metalicos izenekoa, baina Lesakara lekualdatu eta Laminaciones de Lesaka izena hartu zuen. Lantegia martxan paratzerako orduan, Lesakako Udalaren eta Junta de Veintena izeneko batzordearen onarpena jasotzea ez omen zen hain erraza izan. Hasiera gorabeheratsua izan zuen lantegiak, baina izandako eragina historikoa izan da. Batzuk fabrikaren alde, bertzeak kontra, bakoitza bere arrazoiekin, baina azkenean fabrika egitearen aldeko jarrera nagusitu zen. Halaxe kontatu du Jose Luis Etxegaraik. Bere gorabehera guziekin, Baztan-Bidasoaldeko motore ekonomikoa izan zela nabarmentzea ez da sobera erratea.

1958ko martxoaren 21a eta apirilaren 2a egun erabakiorrak izan ziren lantegia martxan paratzerako orduan. Egun horietan egin baitziren Udal batzarra eta Junta de Veintenaren bilkura, Jose Luis Etxegaraik aipatutakoaren arabera. Udal batzarrera enpresaren inguruko hiru lagun joan omen ziren, eta horrek, nolabait, adierazpen askatasuna murriztu omen zien hautetsiei. Herriko Etxeak enpresari bi milioi pezetako dirulaguntza ematea zegoen eztabaidagai. Junta de Veintenaren bilerara, berriz, herritar andana hurbildu omen zen. Batzorde hartan 20 kideak azaldu ziren –batere ohikoa ez zena– eta fabrikaren aldeko jarrera azaltzeko irakatsiak zirela ere erran izan da. Gorabeherak gorabehera, lantegia martxan paratu zen eta urteetan indartsua izanen zen lantegi baten hasiera izan zen hura.

Hasierako urteetan konpetentzia zena, 1973an Lesakako fabrikaren nagusi bihurtu zen. Altos Hornos de Vizcayak hartu baitzuen Laminaciones. Oparoaldi ekonomikoa bizi zuen lantegiak: Bilboko enpresaren fakturazioaren erdia Lesakak egiten zuen orduan. Pixkanaka haunditzen joan zen eta Lesakako lantegiarekin batera, Zalain-Zoko eta Legasakoak egin ziren. Garairik onenean 2.000 langile baino gehiago aritu ziren Laminacioneseko lantegietan: 1.400 Lesakan, 585 Zalain-Zokon eta 193 Legasan. Langile kopuruak goiti egiteak, ordea, giroan aldaketa ekarri omen zuen. Mertxe Igoa fabrikan urtetan informatikaria izan denaren arabera, «Altos Hornos de Vizcayaren –AHV– eskura pasatzean aldaketa nabaritu genuen. Ordura arte familia giroan geunden... Baina AHVren lan sistema desberdina zen, eta guretzat okerragoa izan zen. Gu baino gehiago zirela uste zuten».

1990eko hamarkadan beherakada

90eko hamarkada hasieran %20 jautsi zen langile kopurua eta Corporacion Siderurgica Integral taldean sartu zen lantegia. Gero pribatizatu eta Arbed taldearen esku gelditu zen, Aceralia izena hartuz. Gaur egun, Lesakako lantegiak Arcelor Mittal izena darama Mittal multinazionalak erosi ondotik. Zalaingo lantegia, berriz, Condesa taldearen esku dago. Bietan da nagusi ziurgabetasuna, baina are okerragoa da Legasakoaren egoera, horko lana Lesakan eta Berriobeitin eginen baita etorkizunean.

Mende erdia pasatu da eta ezin da ukatu Laminaciones de Lesakaren bilakaerak eragin haundi eta historikoa izan duenik Bidasoaldean. Gainera, badirudi 50 urteotako historia korapilotsuak baduela segidarik. Hastapenetik langile izan diren Ascen Ordoki, Mertxe Igoa eta Pili Mikelarenak «krisia» hitza betidanik aipatu dela erran arren, etorkizunera begira zalantza da nagusi, eta horrek ezinegona sortzen du langileen artean.

Legasako lana Lesakara eta Berriobeitira doa

Langile Batzordeko sindikatu nagusiek ez dute gai honen inguruko balorazio formalik egin nahi momentuz. Hala ere, ahotik ahora dabilen kontua da plan industrialaz hainbat batzar egin direla Lesakan langileen artean. Badirudi plan industrial horren arabera, 2011 bitarte, Legasako fabrikak %100ean funtzionamenduan segituko duela, baina ordutik aitzinera orain Legasan egiten den lana zati batean Berriobeitira eta bertze batean Lesakara lekualdatuko dela.

Antza, Legasan orain dauden perfiladora eta kurbatzeko makina Berriobeitin eginen den planta berrira eramanen dira. Lesakan, berriz, lerro konbinatua deritzona paratuko omen da martxan. Lerro konbinatu honek aldi berean pintatu edota galbanizatzeko gaitasuna du eta merkatuan dagoen puntako teknologia erabiliko duela diote adituek. Horixe bera da Legasako pintura-lerroaren etorkizuna zalantzan paratu dezakeena. Horrez gain, saneatzeko lerroa eta aplakadora mistoa delako makina ere paratuko omen dute Lesakan.

Tresneria berria ekartze honek langile-soberakina sortuko du. Horri aterabidea emateko, 59 urterekin emanen diote erretiroa langileei. Enpresaren zuzendaritzak, bere aldetik, ez du gai honen inguruko xehetasunik ezagutzera eman.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun