«Ez gara beti etxe berriak egiten ariko, bertzela laborantza janen dugu»

TTIPI TTAPA 2008ko uzt. 7a, 11:15

TTIPI TTAPA

• Iturgina da lanbidez Battite Laborde, 44 urteko saratarra. Lehen ere zinegotzi izandakoa da baina joan den martxoaz geroztik bera da Sarako alkate berria.

• Herriak alternatiba bat behar zuelako aurkeztu omen zen Geroko Sara taldearekin. Ez omen zuen alkate izatea helburu, baina sorpresaz bada ere, lehen itzulian bigarren botatuena izan zen Laborde.

• Zein egitasmo dituzten galdetuta, laborantza salbatu nahiko lukeela nabarmendu digu.

Nolatan sartu zinen alkatetzan?
Zinez diot ez nintzela alkate izateko aurkeztu. Lehen ere kontseilu desberdinetan egondakoak ginen eta herriari bertze talde bat proposatu nahi genion, batere politikarik gabe alternatiba bat. Proposatu, eta horrela atera zen. Lagunek ni ateratzea nahi zuten, eta ongi pentsatu ondotik baietz erran nuen. Halere, nik kargua ez dut niretzat hartua, kargua partekatu egiten dugu eta hori oso interesantea da.

Espero zenituen halako emaitzak hauteskundeetan?
Ez zitzaidan iruditzen hain aisa pasatuko ginela. Jende arrunta gara gu, Sarako umeak, eta jendeak ongi ezagutzen gaitu. 3.500 lagunetik beheitiko herrietan ordezkari bakoitzari ematen zaio botoa, jendeak zu nahi zaituen ala ez erraten du. Alde horretatik, ni kontent gelditu nintzen, ez bainuen amesten horrelako errekista izanen genuenik. Lehenagoko taldeak egin zuenarekin Sara ongi joan da baina jendeak aldaketa nahi zuen, buru berriak. Bakoitzak bere ideiak izanen ditu eta gure helburua herriaren alde aritzea da.

Hauteskunde kanpainan zer proposatu zenuten?
Batetik laborantza salbatu nahi genuke. Horretarako ikerketa bat egiten ahal litzateke hemengo baserri ttikiak iraunarazteko. Denetan behera egin du laborantzak eta guk ez dugu hori nahi. Saran laborariak badira, laborantzatik bizi direnak. Baina Europatik ez zaie batere laguntzen laborari ttikiei. Turistei hemen bi gela edo pisua eskaintzen zaie, eta horrek ere jornala ekartzen diete etxeei laborantza ttikia izanik. Horrela, zinez atxikitzen du Euskal Herria den bezalakoa. Hemendik atera eta Azkaine eta Senperera joanez gero, urbanizazioak dira nagusi, eta guk ez dugu hori nahi Saran, ez gure aitzineko taldeak ere. Horri kasu egin nahiko genioke. Hurrengo urteetan Saran zailtasunik haundiena, promotoreak tartean direla, laborantza atxikitzea izanen da, Sara orain bezala mantetzea. Ez gara beti etxe berriak egiten ariko, bertzela laborantza eta herria janen dugu. Gero, bertzetik, Zahar Etxea dugu. Hustu egin behar da, eta guk herriarentzat atxikitzea nahiko genuke, ahal balitz.

Zein dira Sarako alkate izatearen alde onak eta txarrak?
Ohore bat da alkate izatea. Eta oraino ez dut alde txarrik. Alkate ez banintz ere, nire bizitzan harri koxkor bat herriari utzi diodala erraten ahal badut kontent nintzateke. Herri ttiki hauetan %100ean herriarentzat ari behar da lanean, politika alde batera utzita.

Ekonomikoki Sarak ba al du hutsunerik?
Ez du arazorik. Larrungo trena eta leizeak oso ongi bideratzen dira eta sosa ekartzen diote herriari.

Esku artean dituzuen proiektuak zein dira?
Sartu berriak gara eta aitzineko legealdikoek hasitakoari segida emanen diogu. Landazelai bat haunditzen hasi ziren eta hori bukatuko dugu, eta herriko langileen depota ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun