Herri kiroletan ere ongi hornituak izanen dira Iruñeko Sanferminak

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 4a

Nafarroako Herri Kirol Federazioak hainbat jaialdi eta txapelketa antolatu ditu

Iruñeko Sanferminetan, urtero bezala, Nafarroako Herri Kirol Federazioak hainbat jaialdi antolatu ditu Foru Plazan eta horietako aunitzetan, Nafarroako txapelketak ere jokatuko dira. Honela, asteartean, uztailaren 8an, arpanlarien txanda izanen da eta lehen mailako arpanlari txapelketa, kadeteena eta emakumezkoena erabakiko dira, eguerdiko 12etatik aitzinera. Bertze egunetako jaialdiak ere eguerdia hasiko dira.

Arpalariak eta lasto altxatzea uztailaren 8an

Lehen mailako txapelketan, Julen Txoperena igantziarra eta Iñaki Portu lesakarra, iaz bigarren mailako txapela irabazi zuen bikotea, izanen da eskualdeko ordezkaria. Beraiekin batera, Berriozarko Oier Aizkorbe eta Jose Luis Cano, Iraizozko Josetxo eta Iñaki Barberena eta Gerendiaingo Esteban Pikabea eta Ripako Alvaro Morrondo ariko dira. Kanaerdiko enborrari 14 korte etzanda eta 4 zutik eman beharko diote. Kadete mailan, Baztango Basaburuako Beñat Gartxitorena eta Asier Gamiorekin batera, Ultzamako Mikel Eugi eta Ander Iribarren, Berriozarko Eder Goldarazena eta Josu Huarte etan Etxarri Aranazko Amaiur Ginea eta Aitor Oiarbide ariko dira. 100 zentimetroko enborrari 10 korte etzanda eman beharko diote. Emakumezkoetan, Izaskun Ariztegi eta Lourdes Galarregi etxalartarrek iaz jantzitako txapela defendatuko dute Sakanako Maitane Txueka eta Susana Agerre eta Lezaungo Ana Lopez eta Itziar Nuñezen aitzinean. 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda eman beharko diote. Nafarroako lasto altxatze txapelketa ere egun horretan jokatuko da Xabi Sein, Oskar Telletxea, Carlos Sein eta Iñaki Bereau igantziarren artean. Daniel Vicente eta Jose Juan Barberena aizkolariek erakustaldia ere eskainiko dute.

Nafarroako harrijasotze txapelketa uztailaren 9an

Asteazkenean, ekaianren 9an, Nafarroako harrijasotze txapelketa jokatuko da. Leitzako Josetxo Urrutia, Aldatzeko Xabier igoa eta Sunbillako Unai Bertiz ariko dira 125 kiloko harri zilindrikoarekin 112 kilo terdiko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin, bina minutuko txandetan. Segidan, proba konbinatuko erakustaldia eskainiko dute alebin mailan Berriozar, Andra Mari, Basaburua eta Ultzamako kirolariek. Haurrendako zakulari proba herrikoia izanen da ondotik eta jaialdia akautzeko, Maika Ariztegi iturendarrak eta Ibargurengo Ana Berasategik aizkora erakustaldia eskainiko dute.

Hirugarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa eta motozerra txapelketa uztailaren 10ean

Uztailaren 10ean, ortzegunean, Nafarroako hirugarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa jokatuko da. Aresoko Asier Pellejero, Urrozko Raul Castro, iruñeko Ruben Saralegi, Berriozarko Julen Kañamares, Berako Oihan Larretxea, Arraiozko Garikoitz Larretxea, Zubietako Patxi Mindegia, Lezaungo Mikel Etxebeste, Altsasuko Mikel Vazquez, Etxarri Aranazko Aritz Goñi, Etxarri Aranazko Goizeder Beltza, Salinas de Oroko Angel Eraso, Leitzako Beñat Saralegi eta Uharte Arakilgo Jaime Gorriti ariko dira eta bi kanaerdiko moztu beharko dituzte. Ondotik, hamargarren aldiz, San Fermin motozerra txapelketa jokatuko da. Berasaingo Miguel Angel Mariñelarena, Arizkungo Martin Agerrea, Oieregiko Esteban Arruti eta Burgiko Alayn Salvador ariko dira, abiadura eta abilidadea uztartuko dituzten probetan. Azkenik, Mikel Saralegik erakustaldia eskainiko du harri jasotzen.
Erakustaldiak uztailaren 11n
Uztailaren 11, ortzirala, erakustaldien eguna izanen da. Nafarroako gizonezkoen arpanlari txapelketan hiru lehenbiziko sailkatuek erakustaldia eskainiko dute. Aizkoran, erakustaldia bikoteka eskainiko dute Antonio Jaunarena eta Luis Mari Belarrak alde batetik eta Jon Rekondo eta Aitor Senosiainek bertzetik. Kañamares anaiek, aitzurrarekin egurra mozten eginen dute erakustaldia eta Joxe Bikondoak bere ikuskizuna ere eskainiko du.

Txinga eta ingude txapelketak uztailaren 12an eta binakako aizkolari txapelketa 13an

Uztailaren 12an, larunbatean, gizonezkoen eta emakumezkoen Nafarroako txinga txapelketa jokatuko da. Nafarroako ingude txapelketa ere jokatuko da. Gero, sokatira erakustaldia eskainiko dituzte launaka. Gizonezkoetan, Berriozar, Amaiur eta Txantrea ariko dira eta emakumezkoetan, Amaiur, Beti Gazte eta Sakana. Lasto altxatze erakustaldia eskainiko dute Igantziko taldeak, Tubik eta Ander Arbenoitzek eta lasto botatze erakustaldia Ander Arbenoitzek eta Tubik.
Uztailaren 13an, igandean, binakako aizkolari txapèlketa jokatuko da. Floren Nazabal eta Daniel Vicente, Donato Larretxea eta Jose Juan Barberena eta Juanjo Lopez eta Mikel Mindegia ariko dira, sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako mozten. Nafarroako gurdi altxatze txapelketaren ondotik, Iñaki eta Inaxio Perurenak harrijasotze erakustaldia eginen dute eta emakumeek ere erakustaldia eginen dute harri jasotzen. Uztailaren 14an, azkenik, kanako enborrarekin aizkora erakustaldia eskainiko dute Mikel Mindegiak eta Juanjo Lopezek. Proba konbinatu erakustaldia ere eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun