Urrezko eta Diamantezko Ezteiak eta 85 urte bete dituztenei omenaldia egin die Arkupeak Elkarteak

Goizalde URDANPILLETA 2008ko uztailaren 3a

Asteazkenean Gorraizen, omendutako senar-emazteetako bat, familiarekin. TTIPI TTAPA

Guztira, 14 bikote eta 85 urteko 39 lagun omenduko zituzten Gorraizen uztailaren 2an

Asteazkenean, uztailaren 2an Arkupeak Erretiratu eta Jubilatuen Elkarteak urteroko omenaldi bazkaria egin zuen Gorraizen. Hasera batean ekainaren 4an zen ospatzekoa, baina autobus gidariek iragarri zuten greba zela eta, bertan behera geratzea erabaki zuten. Azkenean ez zen grebarik egin, baina honelako jende mugimendua egin behar denean, ezin da utzi azken momentu bitarte. Urrezko eta Diamantezko Ezteiak bete eta beteko dituzten senar-emazteak eta 85 urte bete eta beteko dituzten bazkideak omendu zituzten. Goizean goiz, bazkide eta omenduek ohiko lekuetan autobusak hartu eta Gorraizeko bidea hartu zuten. Omenaldi besta hau urteko bestarik handiena da aitatxi-amatxien egunarekin batera, baina erraten ahal dugu, honek erranera berezia duela. Omenduak ez ezik, beraien senitartekoek parte hartu nahi izaten dute egun honetan eta horregatik izaten da hain jendetsua. Meza goizeko 11:30ean izan zen eta bertzeak bertze Jabier Azpiroz, Elizondoko erretoreak parte hartu zuen. Meza ondotik hasiera eman zitzaion ekitaldiari. Omenduak izan behar ziren guztiek beren tokia izendatua zuten elizaren aulkietan eta hala, denak aitzineko eserlekuetan zeuden ongi antolatuak. Omenduek oroigarri politak eskuratu zituzten: arrosa bat, elkarteko egutegia eta eskultura bat, bertzeak bertze. Gainera omendu bakoitzari elkarteko txartela jarri zioten denek ikus zezaten.

Urrezko Ezteiak

Lehenik, Urrezko Ezteiak bete eta beteko dituzten 12 bikotek jaso zuten omenaldia. Aldarearen aitzineko aldean paratu eta senitartekoen babesa ere jaso zuen une honetan. Argazkiak atera eta momentu hunkigarria bizitu zuten. 50 urte ezkondurik bete dituzten senar-emazteak Arantzako Salvador Madariaga Elizondo eta Secundina Bergara Errandonea; Arizkungo Carlos Elizalde Iturralde eta Juana Mª Amigorena Goñi eta Valeriano Sanchez Garzia eta Teresa Hernandez Martin; Berako Pedro Martikorena Ibarguren eta Josefa Iruretagoiena Intxauspe; Paulino Sebastian Quirce eta Mª Isabel Minguez Bengoetxea eta Jose Esteban Telletxea Mindegia eta Francisca Etxarte Tapia; Elgorriagako Jose Mª Olazar Agerralde eta Begoña Apeztegia Saldias; Iturengo Ignacio Ariztegi Legazkue eta Margarita Etxepeteleku Iantzi; Leitzako Francisco Torres Ruiz eta Luisa Alcala Espinosa, Andres Lasarte Otermin eta Maritxu Mujika Elduaien eta Fermin Azpiroz Zabaleta eta Felicitas Elduaien Baraibar eta Sunbillako Serapio Altzuri Ezkurra eta Justa Ibarra Agerralde.

Diamantezko Ezteiak

Ondotik, Diamantezko ezteiak edo 60 urte ezkondurik egin zituztenen txanda izan zen. Aurten bi bikotek bete dituzte 60 urte ezkondurik: Iruritako Antonio Urrutia Bikondoa eta Mª Jesus Sarratea Etxalar eta Sunbillako Modesto Gago Lekaroz eta Francisca Agesta Altzugarai dira.

85 urtekoen txanda

Eta azkenik, luzeen joan zen tartea, 85 urte bete edo beteko dutenena. 39 lagunek osatzen zuten zerrenda eta hantxe ziren denak, beraien jantzi dotoreenekin eta izugarrizko ilusioarekin. Amaiurko Cruz Magirena Goienetxe eta Ramon Migeltorena Mitxelena; Arizkungo Concepcion Zaldain Agerre; Arantzako Cornelio Ubiria Leitza; Berako Mª Josefa Agirre Iratzoki, Marcelina Andueza Larralde eta Manuela Dagerre Martinez; Berroetako Veronica Barrenetxe Zelaieta; Doneztebeko Jaime Agirre Mikeo; Elbeteko Felix del Moral Fraguas; Elizondoko Gregorio Bengoetxea Esparza, Braulio Iturria Galartza eta Miguel Lezaun Ioldi; Etxalarko Teodoro Altzuguren Iturria eta Francisca Danboriena Etxeberria; Gartzaingo Juanita Goñi Istilart; Goizuetako Juan Etxegia Berroeta eta Ignacia Lujanbio Loiarte; Igantziko Mª Josefa Iturria Madariaga eta Nikolas Telletxea Arotzena; Irungo Jose Ziganda Legarreta, Micheline Chaumiel de Gomez , Francisco Eskudero Santesteban, Evaristo Graziarena Mitxeltorena eta Paulina Rodriguez Gomez; Iruritako Pilar Matxin Iso; Legasako Clara Mitxeo Oteiza; Lekarozko Javiera Arrijurria Jaramillo; Leitzako Julia Alduntzin Zabaleta, Martin Jose Labaien Lasarte eta Miguel Antonio Sagastibetza Zabaleta; Saldiasko Carmen Perez Galilea; Sunbillako Josefa Apeztegia Petrirena, Antonio Etxeberria Irigoien, Jose Mitxelena Jorajuria, Pascuala Lastiri Ibarraeta Francisco Pascual Barrena; Urdazubiko Manuel Maritorena Etxeberria eta Zubietako Pakita Etxeberria Gastearena.

Bazkaria

Iduri zuen dena akitua zela, baina egia errateko, azken hitzak falta zitzaizkion apaizari meza bukatutzat emateko. Eliza kasik hustu zen omenduak ateratzen joan zirenean, eta aunitz ziren gainera, eliza bete zutenak. Gorraizeko eliz ataria bete zen, 650 lagun pasak eman bai zuten izena omenaldi besta honetan parte hartzeko. Denek oroigarri berezi bat eman nahi izan zuten eta kanpoko aldean famili guztiarekin argazkiak atera zituzten. Poliki-poliki argazkiak bukatzen joan ziren, jendea jatetxera hurbiltzen zen heinean. Dagoeneko eguerdiko 13:30ak pasatxo ziren eta ziur tenorez bazkaltzen duten gure jubilatuak gose zirela. Bazkari eder honetan gure eskualdeko agintariak ere izan ziren, bertzeak bertze hor ikusi genituen Doneztebeko alkatea den Miguel San Miguel eta baita zinegotziak ere. Baina gure eskualdekoez gain, beti Nafarroako Gobernuko ordezkariren bat gonbidatzen dute egun handi honetan parte hartzera, eta aurten, Gobernuko presidentea den Miguel Sanzek bere agerraldia ziurtatu zuen. Bazkari eder baten ondotik, dantzaldia ere izan zuten eta ondotik, etxeranzko bidea hartu zuten, batzuk autobusetan eta besteak autoetan. Egun borobila asteazkenekoa, baina Arkupeak Elkarteak ez du atsedenik hartzen eta laster bertze bidaiaren bat iragarriko digu, ziur.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun