Estatu osoan eta Nafarroan goiti egin badu ere, azken lau hilabetetako beheitiko joera mantendu du langabeziak eskualdean eta zertxobait beheiti egin du, %1,52.
582 langabetu, hilabete lehenago baino 9 guttiago
Zehazki, ekain hondarrean 582 langabetu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan izena emana zutenak, maiatz hondarrean baino 9 guttiago. Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 427 kontratu gauzatu ziren apirilean, baina horietatik 49 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.
25 urtetik goitiko emakumeen artean, langabezia goiti
Adina eta sexuari dagokionez, ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak, eta gainera, langabeziak goiti egin du adin-tarte horretako emakumeen artean. 320 dira langabezian daudenan eskualdean, maiatzean baino 7 gehiago. 25 urtetik goitiko 187 gizaseme daude lanik gabe, aitzineko hilabetean baino 10 guttiago. 25 urtez beheitikoen artean, 27 emakume daude langabezian, maiatzean baino 6 guttiago. Adin tarte horretako gizonen artean langabetuen kopurua maiatzeko berbera da, 48.
Lan arloka
Lan arloei dagokienez, zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen, 361 langabeturekin, nahiz eta maiatzean baino 7 guttiago izan. Industrian 134 langabetu daude, maiatzean baino 6 guttiago. Eraikuntzan ere beheiti egin du langabeziak eta 37 langabetu daude, maiatzean baino 2 guttiago; nekazaritzan goiti egin du langabetu kopuruak, 15 baitira langabetuak, maiatzean baino 2 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean igo da langabezia ekainean, 35 langabetu baitaude eskualdean, maiatzean baino 4 gehiago.