Bertizko turismo baliabidetarako deskontuak izanen dituzte Hiruak Bat landa etxeetako bezeroek

Aitor AROTZENA 2008ko uztailaren 2a

Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergo turistikoko gerentea eta Sagrario Goñi, Hiruak Bat elkarteko presidentea. TTIPI TTAPA

Landa etxeetan ostatu hartzen dutenek sarrera merkeagoak izanen dituzte zenbait lekutan

Hiruak Bat Landa etxeen elkarteak eta Bertizko Partzuergo Turistikoak elkarrekin garatu duten proiektua aurkeztu zuten asteazkenean, uztailaren 2an. Izaskun Goñi, Bertizko Partzuergoko gerenteak eta Sagrario Goñik, Hiruak bat elkarteko presidenteak eman zuten ekimenaren berri. Zehazki, elkarteko landa etxeetako batean ostatu hartzen duen bezeroak, inguruko turismo baliabide ezberdinetako sarreretan deskontuak izanen ditu. Ekimen honen helburuak aipatu ditu Izaskun Goñik: “Elkarteko kide diren landa etxeak sustatu nahi dira alde batetik, turistek bertan ostatu hartzeko eta bertzetik, bertako baliabide turistikoetara bisitarien kopurua igotzea bilatzen da”.

Deskontu-bonua turismo baliabide ezberdinetan

Helburu horiek lortzeko deskontu-bonu bat atera dute, uda honetan Hiruak Bat elkarteko landa etxeetan banatzeko: “Amaiurko errotan eta serorategian antolatzen diren ekitaldietan %10eko deskontua izanen du; Zugarramurdiko sorginen museoaren eta lezeetako paketean euro 1, Amaur, Aniz eta Zigako bisitetan ere euro 1eko deskontua, Urdazubiko errotan %30eko deskontua eta Zubietako errotan euro 1”.

Wi-fi sistema

Horretaz gain, Bertizko Partzuergo turistikoak lehen aldiz, wi-fi sistema bidez, hau da, kable gabe Internetera konektatzeko aukera eskainiko die bisitariei doan: “Nafarroako Gobernuko turismo bulegoko eraikin osoan aprobetxatzen ahal da Wi-fia, bulegoan, partzuergoko egoitzan eta artisauen dendan ere”.

Turistak egun guttiagorako datoz

Krisiaren eragina, landa etxeen sektorean nabari dela aipatu du Sagrario Goñik. “Landa etxeen sektoretik ezin diogu krisia deitu, gu ez baigara landa etxetik bizi, guk bertze lana izaten dugu. Baina lehen turistak astebeterako edo hamar egunerako etortzen baldin baziren, orain bizpahiru egunetarako etortzen dira,egonaldia mozten dute. Batzuk egun baterako ere deitzen dute eta hori ez zen lehenago gertatzen. Balorazioak beti urte bukaeran egin behar dira, baina bai nabari da krisia”.
Halere, Izaskun Goñik aipatu digunez, turismo aldetik gure ingurua egonaldi laburrak egiteko aukeratzen da eta horregatik, krisia guttiago nabarituko dela pentsatzen du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun