Herri bazkariarekin agurtu dituzte Doneztebeko San Pedro bestak

Aitor AROTZENA 2008ko uztailaren 2a

Haurrek eta gurasoek ederki pasatu zuten Gorritiren animaliekin. TTIPI TTAPA

Goizean, haurrek Gorritiren animaliekin jostatu zuten eta helduek musean

Asteartean, uztailaren 1ean, hilabete berri bati ongi etorria eman, eta aldi berean, Doneztebeko bestak agurtzeko eguna. 5 egunez besta giroan ibili ondotik, zapiak kutxan sartzeko unea iritsi da, baina lasai, astearteak aunitzetarako eman duelako. Goizeko 11etan Bear Zana frontoia haur eta gaztetxoez beteta zegoen, baina gauza nabarmena falta zen, Gorriti eta bere animaliak. Ordu erdi beranduago iritsi da eta denak erabat berantetsiak zeuden. Lehenik zenbait poni atera ditu eta txikienek binaka eta baita hirunaka ibiltzeko aukera izan dute. Frontoiaren zati bat hartu da horretarako eta hesiak jarri dituzte nolabaiteko babesa emateko. Haurrekin batera gurasoak ere ibili dira, bat baino gehiago lurrera erori bai dira irrist eginda. Zorionez ez da deus makurrik gertatu, bakarrik irria eragin dute hurbildutakoen artean. Animaliak izituak ibili dira hainbeste haur eta jende artean, gaixoek nahi lan bazuten, garraiatzeaz gain, mariatu egiten bai zituzten. Gero, Gorritik aretzeak askatu ditueta hor ere laster ederrak egin dituzte haurrek.

Mus txapelketa

Bear Zana frontoia utzi eta eliz atarira jo dugu, bertan bai ziren mus txapelketako partaideak. Mahaiak paratuak zituzten eta dagoeneko zenbait partida jokatuak ere. Kontzentratuak zeuden, beraien kartei begira… Baina denak ez zeuden horrela…Musean aritzeko keinuak egin behar dira, baina honek begia, ahoa eta baita besoa ere erabili du.

Herri bazkaria

Herri bazkarirako kateringa kontratatu du udalak eta goizeko 11:30erako hurbildu dira dena prest egon zedin eguerdirako. Giro bikaina izan da asteartean ere, bai eguraldiari dagokionez, bai bestela ere, eta horrela, herri bazkaria Intzakardi parkean egin da. Itzal eder eta goxoak ditu eta berotzearen aitzakia beste egun baterako utzi behar izan dute. Astelehenean Gazte Burrunbak antolatutako bazkaria egin zen eta hauek eguzkipean egin zuten otordua, gehienak bizkarra eta bestelakoak kixkaliz. Ez da hori gertatu asteartean, babesturik bai zeuden. Umore ederrean bukatu dituzte bestak, herri bazkariak sortzen duen giroarekin eta ziur gehienak heldu den urtekoen zain geratu direla.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun