Doneztebeko haurrek ederki pasatu zuten bestetan beraiei eskainitako egunean

ttipi-ttapa 2008ko uztailaren 1a

Udalbatza ttikiak egun osoan agintea izan zuen. TTIPI TTAPA

Udalbatza ttikiak beraien karguak bete zituen egun osoan

Astelehenean, ekainaren 30ean, haurren eguna ospatu da Doneztebeko besten barne. Goizeko 11etan Herriko etxean udaletxe txikiari harrera egin zioten Miguel San Miguel alkateak eta zenbait zinegotzik. Urtero bezala eta zenbait orduz alkatearen makila gaztetxo baten eskura pasatzen da eta aurten, zehazki, Arantxa Amigorena izan zen Doneztebeko alkatea goizeko 11etatik arratsaldeko 20etara. Berak jaurti zuen 11etan punttuan suziria, eta bere gibeletik zuhurtzi handiz gainerako zinegotzi guztiek.

Udalbatza ttikia

Zinegotzi eta epaile karguak zehaztuak zeuden, baina azken unean epailea ospitaleratu behar izan dute eta nor izanen zen jakiteko zozketa egin dute. Paperak hartu eta Silvia Bengoetxeari suertatu zaio postu hori. Ondotik, herriko bandera jaitsi eta erraldoi, buruhandi eta dantzariak zain zituzten, txistulariekin batera. Herriko Etxetik eliza bitarteko bidea egin dute. Aitzinean dantzariak, gibelean txistulariak eta erraldoien konpartsa osatzen zuten laguntzaile berriak. Azkenik, Jesus Goldaraz Doneztebeko apeza eta Udalbatza txikia osatzen zutenak. Elizan sartu eta lehenik gazteek denei ongi etorria eman eta bertso pare bat kantatu zituzten. Ondotik, eukaristiarekin segitu zuten. Asteleheneko meza igandekoa baino laburragoa izan zen, haurrek ez bai dute helduen pazientziarik.

Dantza saioa

Behin elizatik aterata, Udalbatza txikiak bere lekua hartu eta dantza saioarekin hasi dira. Lehenik txikienek dantzatu dute. Neska-mutiko sail batek parte hartu du eta ikusi besterik ez zegoen nola aurre egiten zioten beroari, gurasoen txalo zaparrada eta oihuen artean. Ipurdi dantza izan da eskaini duten lehena, baina ondotik bertze hiru gehiago etorri dira. Batek zapia galtzen zuela, bertzeak boneta…eskutik laxatu egiten zirela…momentu irrigarri eta atseginak pasa arazi dituzte. Ondotik, koxkorragoen txanda izan da. Hauek denbora gehiago daramate dantzak ikasten eta erakutsi dituztenak zailtasun handiagoa zuten. Arku dantza, zazpi jauziak…eta beste pare bat dantzatu dituzte. Segidan, denak plazara atera eta dantza bat egin dute elkarrekin, kalejira batekin akitzeko.

Doneztebeko erraldoiek era haurren saioari segida eman nahi izan diote eta Udalbatza txikiari jota eta porrusalda bat eskaini diote. Erritmo biziz segitu dute musikarien doinua eta hori eguzkia indartsu zegoela tenore horretan. Ekitaldiari bukaera emateko, berriz ere eliza eta Herriko Etxe arteko bidea egin dute, baina hori bai, kale nagusitik, Gazte Burrunbakoen bazkaria prestatzen ari bai ziren Santa Luzia enparantzan. Gazte burrunbaz ari garela, aipatu, goizeko 11etan ginkana iragarrita zegoela, baina ez da kasik jenderik hurbildu eta hortaz, bertan behera uztea erabaki zuten. Ziur bazkariari gogotsuago ekin ziotela guztiek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun