Camille Extreme proba irabazi zuen Fernando Etxegarai beratarrak

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 1a

Iñaki Ochoa de Olza omendu zuten

Fernando Etxegarai beratarra nagusitu zen igandean, ekainaren 29an, Izaban jokatu zen Camille Extreme proba gogorrean. 31,4 kilometroko ibilbidea egin behar zuten partehartzaileek eta 3.900 metroko desnibela gainditu. Ibilbideko kaxkorik garaiena Ezkaurre zen, 2.047 metrora. Izena emana zuten 215 kirolarietatik 183k akautu zuten proba eta horien artean, aipatu bezala, Fernando Etxegarai izan zen azkarrena. 3 ordu, 8 minutu eta 24 segundu behar izan zituen ibilbidea osatzeko, berak daukan marka baino 3 minutu gehiago. Halere, bigarren sailkatuari, Arrasateko Mikel Navarrori, ordu laudeneko aldea atera zion eta kasik 20 minutukoa hirugarrenari, Idiazabalgo Martin San Pedrori. Dena den beterano kategoriako azkarrena, Etxarriko Ander Unzurunzaga Etxegaraitik hurbilago ibili zen, 8 minutu eta 26 segundura. Emakumezkoen artean, Ezkioko Jaione Sasieta izan zen bizkorrena, 4 ordu, 10 minutu eta 52 segunduko denborarekin. Bigarren postua Murchanteko Mari Cruz Aragonek eskuratu zuen, 4 ordu, 34 minutu eta 20 segunduko denborarekin eta hirugarrena Azpeitiako Jone Urkizuk, 4 ordu, 49 minutu eta 42 segunduko denborarekin.

Iñaki Ochoa de Olzari omenaldia

Lasterketa Iñaki Ochoa de Olza zenaren omenez egin zen. Honela, proba hasi baino lehen omenaldia eskaini zitzaien bere gurasoei eta lasterketan 1 zenbakia zeraman anaiari, aurresku baten bidez.

Ezkaurrera igoeran ere Etxegarai bizkorrena

Gainera, ibilbideko gailurrik altuenera, Ezkaurrera igotzen azkarrena zenari sari berezia eman zitzaion Ochoa de Olzaren omenez. Ezkaurrera 5 kilometroko igoera dago, 740 metroko desnibelarekin. Hau ere Fernando Etxegaraik irabazi zuen, 37 minutu eta 2 segunduko denborarekin. Bigarren postua Etxarriko Ander Unzurunzagarentzat izan zen, 38 minutu eta 38 segunduko denborarekin eta hirugarrena Iozako Sergio Hernandezentzat, 38 minutu eta 49 segunduko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun