Iparraldeko Joku Torneoaren azken jardunaldia jokatu zen igandean Orbaitzetan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 30a

Euskal Herriko koxkor biltze txapelketarako txartela lortu zuten Berriozarko Josu Jimenezek eta Berako fernando Etxegaraik

Igandean, ekainaren 29an, jokatu zen Orbaitzetan Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia. Koxkor biltzen, Berriozarko Josu Jimenez izan zen azkarrena, 6 minutu eta 26 segunduko denborarekin eta bigarren postua Berriozarko Iñaki Ekisoainek eskuratu zuen, 6 minutu eta 36 segunduko denborarekin. Hirugarren postua, Berako Fernando Etxegaraik eskuratu zuen, 6 minutu eta 52 segunduko denborarekin.

Camille Extreme irabazita Euskal Herriko koxkor biltze txapelketarako txartela

Horrela erranda, badirudi postu kaxkarra egin zuela Berako kirolari handiak, baina kontuan hartu behar da goizean Camille Extreme proba gogorra irabazita agertu zela Orbaitzetara. Izan ere, Iparraldeko Joku Torneoko hiru probetatik bitako denborak hartzen dira kontuan sailkapen orokorra egiterakoan eta Etxegaraik bakarrean parte hartu zuen. Nafarroako nahiz Euskal Herriko txapelketan parte hartu ahal izateko nahitaezkoa zuen Orbaitzetan ere parte hartzea eta horixe egin zuen. Gainera, sailkapen orokorrean bigarren postua lortu zuen Berakoak, hiru segundu eskasengatik, eta honenbertzez, abuztuaren 15ean, Baliarrainen, Gipuzkoan, jokatuko den Euskal Herriko txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen, Berriozarko Josu Jimenezekin batera. Irailaren 27an Igantzin jokatuko den Nafarroako txapelketarako, berriz, Jimenez eta Etxegarairekin batera, Iñaki Ekisoain, Patxi Irazoki igantziarra eta Andoni Lasaga etxalartarra ariko dira.

Xabi Sein ingude altxatzen…

Ingude altxatzen, lehen bi saioetan baino garaipen garbiagoa lortu zuen Xabi Sein igantziarrak. 66 jasoaldi egin zituen, Joakin Aioroa iturendarrak baino 3 gehiago. Carlos Seinek 61 jasoaldi egin zituen eta Berako Ander Mitxelenak eta Berriozarko Asier Urbistondok 53na. Honela, sailkapen orokorrean ere Xabi Sein nagusitu da 196 jasoaldirekin, Joakin Aioroak 192 egin ditu, Carlos Seinek 185, Ander Mitxelenak 162 eta Asier Urbistondok 158. Harri jasotzeko azken saioan ez zuten ez Unai Bertizek ezta Josetxo Urrutiak parte hartzerik izan. Honela, lehenbiziko bi saioetako markak kontuan hartu dira sailkapen orokorra osatzeko. Unai Bertiz sunbildarra nagusitu da 7.625 kilorekin eta Josetxo Urrutia leitzarra bigarren izan da 7.375 kilorekin.

…baita lasto altxatzen ere

Lasto altxatzen, lehia estua izan zuten Orbaitzetan Xabi Seinek eta Oskar Telletxeak. Hamekana altxaldi egin zituzten, baina hamabigarrena egiteko 3 segundu behar izan zituen Seinek eta 5 segundu Telletxeak. Carlos Seinek 9 altxaldi egin zituen. Berriozarko bi zakulari taldeen arteko lasterketa lehiatua izan zen Orbaitzetan ere, baina A taldekoak nagusitu ziren, segundu eskaseko aldearekin. Halere, sailkapen orokorrean Berriozar B izan da garaile, 5 segunduko aldearekin.

Txingetan, Orbaitzetan parte hartu ez arren, Sukuntza leitzarra garaile

Txingetan, lehen bi saioetan jaun eta jabe izan zen Miguel Angel Sukuntza leitzarra ez zela plazatu aprobetxatuz, Javier Galarregi etxalartarra nagusitu zen, 8 plazekin, 224 metro. 6 metro eskas guttiago egin zituen Berriozarko Imanol Martinek. Sailkapen orokorrean, dena den, Miguel Angel Sukuntza izan da garaile, 1.273 metrorekin. Javier Galarregik 896 egin ditu, Imanol Martinek 636, Josetxo Urrutiak 321 eta Joseba Petrirenak 264.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun