Ander Erasun eta Luis Mari Belarra Nafarroako bigarren mailako aizkolarien finalean izanen dira

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 30a

Eulateko kanporaketan onenak izan ziren aurtiztarra eta doneztebarra

Larunbatean, ekainaren 28an, jokatu zen Eulaten Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa. Hamahiru aizkolari aritu ziren, finalerako bortz txartelen bila. Finala jokatuko den herria eta eguna oraindik zehaztu gabe daude.

Ander Erasun onena

Bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu behar zuten eta denborarik onena, sasoi betean dagoen Ander Erasun Aurtizko aizkolari gazteak egin zuen, 8 minutu eta 57 segundu. Bigarren postua Luis Mari Belarra doneztebarrarentzat izan zen, 9 minutu eta 5 segunduko denborarekin. Bi aizkolari hauek izanen dira eskualdeko ordezkari bakarrak finalean. Izan ere, hirugarren postua Arostegiko Manuel Kañamaresek lortu zuen, 9 minutu eta 16 segunduko denborarekin, laugarrena Etxarri Aranazko Juan Jose Erdoziak, 9 minutu eta 30 segunduko denborarekin eta bosgarrena Altsasuko David Amillanok, 9 minutu eta 51 segunduko denborarekin. Beraz, bortz aizkolari hauek ariko dira finalean.

Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria 7 segundurengatik finaletik kanpo

Hamar minutu baino guttiago behar izan zituen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberriak, 9 minutu eta 58 segundu hain zuzen, baina 7 segundu horiengatik finaletik kanpo gelditu zen. Gainerako aizkolariak hamar minutu baino gehiago behar izan zituzten lanak akitzeko. Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia zazpigarren izan zen, 10 minutu eta 20 segunduko denborarekin; Xabier Ariztegi etxalartarra zortzigarren, 10 minutu eta 35 segunduko denborarekin; Garraldeko Sergio Mandacen bederatzigarren, 10 minutu eta 47 segunduko denborarekin; Doneztebeko Juan Telletxea hamargarren, 11 minutu eta 5 segunduko denborarekin; Beintza-Labaiengo Jon Telletxea hamekagarren, 11 minutu eta 36 segunduko denborarekin; Leitzako Santi Olano hamabigarren, 12 minutu eta 52 segunduko denborarekin eta Gerendiaingo Esteban Pikabea hamahirugarren, 13 minutu eta 58 segunduko denborarekin.

Hirugarren mailara jautsiera

Azken hiru sailkatuek, Jon Telletxeak, Santiago Olanok eta Esteban Pikabeak maila galdu dute berez. Hala ere, mediku agiria aurkeztuz kanporaketan parte hartu ez duten Iker Gorriti eta Arkaitz Olanori jautsiera kanporaketa eskatu diezaiekete. Kasu horretan, jautsiera kanporaketak erabakiko luke maila zein aizkolari galduko lukeen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun