Giro ederrean joan da Doneztebeko San Pedro bestetako asteburua

Goizalde URDANPILLETA 2008ko ekainaren 30a

Trapatan dantza ikustera hainbat doneztebar bildu ziren. TTIPI TTAPA

Ortziraleko txupinazoan, suziria karrikan lehertu eta ikari handia sortu zuen

Ortziralean, ekainaren 27an, hasi ziren Doneztebeko bestak. Besta giroan erabat murgildurik gaude eta San Joanen ondotik, ia segituan iritsi dira San Pedroak. Gure eskualdean Doneztebeko bestek arrakasta handia izaten dute eta aurten ere gogotsu prestatu dute egitaraua. Udala da antolatzailea, baina herriko talde eta elkarteen laguntza jasotzen dute antolakuntzan. San Pedro eguna igandea izanda, aurten bestak zertxobait aitzintzea erabaki zuten, eta hala, asteburu osoa besta giroan pasatzeko aukera izan dute. Aste osoan ekaitz giroa nagusi izan da gure eskualdean eta ziur Donamariako monjetara arroltzeak eramanak izanen zituztela eguraldia ziurtatzeko. Ostirala kopetilun iratzarri zen, baina orduak pasa ahala hobetzen joan zen eta eguzki izpiak ikus ahal izan ziren, doneztebarren gozamenerako. Arratsaldeko 20etan iragarrita zegoen suziria, baina udaletxeko plazara ordu hori baino lehen hurbildu zen jendea. Txupinazora gehienbat gazteak joaten dira eta bestako arropa prest izaten dute. Hori bai, suziria jaurti baino lehen zapia eskuan eramateko ohitura izaten dute eta gero jartzen dute lepoan. 2008ko bestak legegintzaldi hauetako bigarrenak dira eta iaz Avelino Mitxeok jaurti bazuen suziria, aurten Eduardo Oiartzabalek izan du besten hasiera iragartzeko ohorea. Urduri zegoen, baina hori gauza normala da, ez baita egunero honelako ekintza bat egiten.

Suziria karrikan lehertu

2008ko bestak legegintzaldi hauetako bigarrenak dira eta iaz Avelino Mitxeok jaurti bazuen suziria, aurten Eduardo Oiartzabalek izan du besten hasiera iragartzeko ohorea. Urduri zegoen, baina hori gauza normala da, ez baita egunero honelako ekintza bat egiten. Baina zorioneko zena, ia zorigaiztoko bilakatu zen segundo bakar batean. Udaletxeko balkoitik suziriak botatzen ari ziren udaletxeko zinegotziak eta orduan eta ia ohartu gabe, eztanda handi bat entzun ahal izan genuen. Suziri batek norabidea aldatu eta lurrera jo zuen. Udaletxe azpian haur eta gaztetxo aunitz baziren eta hauetako baten aldamenean lehertu zen. Lehenengo momentuan ikara handia sortu zen bertan ziren guztien artean eta lehen momentuan musika eten eta guztiak mutikoaren aldamenera joan ziren. Bere aurpegiak mina erakusten zuen eta jendeak ez zekien ongi nola jokatu. Alkatea eta zinegotziak balkoitik jaitsi eta auto bat eskatu zuten osasun zentrora eraman ahal izateko. Gurasoak ere bertaratu ziren eta benetan une saminak bizi izan ziren. Txaranga berriz ere jotzen hasi eta jendea plazatik aldendu zuen. Zorionez, zauri arin batzuk bertzerik ez ditu izan mutikoak eta dena ikari handi batean gelditu da.

Erraldoien Topagunea larunbatean

Larunbatean, ekainaren 28an, Doneztebeko besten barne, erraldoien topagunea egin zen. Hasera batean eskualdeko lehen topaleku handia bilakatu behar zen, baina azkenean, aunitz herrietakoek huts egin zuten eta nahiak erditsuan geratu ziren. Doneztebeko besta batzordeak Bera, Lesaka, Etxalar, Sunbilla, Igantzi, Elizondo eta herrikoak gonbidatu zituen, baina soilik herrikoak eta Etxalar eta Elizondokoak bertaratu ziren. Dena dela oso ospakizun polita ikus ahal izan genuen. Elizondokoen kasuan, Bozateko gizon batek egin zituen 2 erraldoiek orain 50 urte pasa eta iaz berritu zituzten. Erraldoiekin batera, musikariak ere aritu ziren eta Doneztebeko erraldoiek Amurrioko dultzaineroak lagun izan zituzten. Herriko kaleak zeharkatu zituzten jendearen ikusmina eta harridura piztuz eta txikienen irribarrea eraginez. Herriko etxea abiapuntu izan zuten eta tartean pausaldi ezberdinak egin zituzten dantza erakustaldiak eginez. Ea heldu den urtean ez duten hutsik egiten gainerako herrietako erraldoiek eta topagune osotuaz gozatzeko aukera dugun.

San Pedro egun handia, Trapatan eta Bandera dantza

Igandean, ekainaren 29an, San Pedro eguna ospatu zen, Doneztebeko bestetako egun handia. Eguneko ekitaldirik berezienetakoa goizean burutu zen. Goizeko 11etan meza izan zen eta egia errateko, osotua, eguerdiko 12ak pasatxo bai ziren meza akautu orduko. Ordu hori baino lehen eliz ataria jendez betetzen joan zen. Dantzariek azken ukituak ematen zizkieten beraien jantzi eta osagarriei, musikariek ere prest zituzten beraien tresnak. Denak urduritasun puntu batekin zeuden. Behin meza bukatuta, udaletxeko albinteak tokia egin zien udal agintariei ohiko bandera dantza jarraitu ahal izateko. Eliz ataria jendez gainezka zegoen. Normalki, San Pedro egunean jende aunitz biltzen da, baina aurten, igandea izanda, oraindik ere kopuru handiagoa elkartu da. Doneztebarrek beraien jantzi dotoreenak jarri eta herriko zaindariari ohore egin nahi izan zieten. Agintariak ez ezik, banderaren dantzaren bitartez, bertaratutako guztiak agurtu zituen bandera eramaileak. Ondotik, dantzarien txanda izan zen. Lehenik, dantzariek agerraldia egin zuten eta garbi erakutsi zuten Donezteben dantzarako gogo eta tradizio handia dagoela eta gustu eta ilusioarekin prestatzen dutela urteroko dantza saio berezia.

Trapatan

Saio polit eta laburraren ondotik jendeak gehien espero zuen dantzaren txanda izan zen. Badira zenbait urte Trapatan dantza berreskuratu eta urtero San Pedro egunean dantzatzen dutela. Hunkigarria da oso, hori bai, gehienbat, doneztebarrentzat. Leku eskasa zegoen eliz atarian eta denak estu xamar egon ginen, dantzariei toki gutxi utziz. Mutikoak sartu ziren lehenik eta gero nesken bila joan ziren. Gure inguruan jendearen solasa sumatzen genuen eta bakoitzak dantzaren jatorriaren bertsio bat ematen zuen. Batek zioen dantza luzea izenaz ezaguna zela, benetan luzea bai zen bere iraupena…beste batek, aldiz, gizonen artean halako lehia erakusten zuela jauzietan ea nork jauzi handiena egin…eta horrelakoak. Trapatan bukatu eta kalejira egin zuten saioari bukaera emateko. Ondotik, elizatik udaletxeko bidea egin zuten. Erraldoiak joaten ziren aitzinean eta ondotik, herriko dantzari eta txistulariak. Herriko bandera balkoitik jaitsi egiten dute eginkizun honetarako eta berriz ere udaletxera itzuli zuten udal agintariek. Udaletxeko arkupeetan luntx eder bat prestatu zuten eta jendeak ederki baliatu zuen solas egiten zuen bitartean. Une hauek girotzeko Corcor txarangak zenbait pieza jo zituen. Urteroko ekintza den arren, ez du ikusmina galtzen eta herritarrek bestak bizitzen dituztela garbi geratu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun