Kirol arloan asteburu emankorra izanen da

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 27a

Aizkora, Doneztebeko pala txapelketaren finala, fitness besta Lesakan

Aspaldi akautu zuten denboraldia eskualdeko kirol taldeek, baina oraindik kirolaren inguruko hainbat berri suertatzen dira egunero-egunero. Asteburuan izanen diren horietako batzuk aipatuko ditugu segidan.

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa

Herri kirolean, larunbatean, ekainak 28, Nafarroako 2. mailako aizkolari txapelketako kanporaketako probak Eulaten jokatuko dira, arratsaldeko 6etan. 14 aizkolari ariko dira eta eskualdeko partaidetza nabaria izanen da bigarren mailako txapelketa honetan ere. Gerendiaingo Esteban Pikabea, Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia, Jon Telletxea eta Jesus Etxeberria, Leitzako Xanti Olano, Etxarriko Juanjo Erdozia, Arostegiko Manuel Kañamares, Doneztebeko Luis Mari Belarra eta Juan Telletxea, Altsasuko David Amillano, Etxalarko Xabier Ariztegi, Garraldako Sergio Mandazen eta Aurtizko Ander Erasun ariko dira. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu beharko dute aizkolariek, finalerako bortz txarteletako baten bila. Bertze aldetik, Iparraldeko Joku Torneoaren hirugarren eta azken jardunaldia Orbaitzetan jokatuko da, San Pedro egunean, ekainaren 29an, jokatuko da Orbaitzetan, 12:30etik aitzinera.

Doneztebeko pala txapelketaren finala larunbatean

Doneztebeko Erreka elkarteak antolatutako pala txapelketaren azken partidak jokatuko dira larunbat honetan, San pedro besten egitarauaren barrenean. Goizeko 11:30etan hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatuko dute Humberto eta Sergiok, Guille eta Cesarren kontra. 12:30etan final nagusiak jokatuko dute Larralde eta Lakostak, Joseba eta Meloren kontra.

Fitness besta eta Agiñara mendi ateraldia Lesakan

Lesakako udal kiroldegiak fitness besta antolatu du larunbat honetarako, ekainaren 28rako. Nahi duen guziak doan parte hartzeko aukera izanen du. Goizeko 10etan, 45 minutuko aerobik saioa eginen dute. Goizeko 11etan step-aren txanda izanen da bertze 45 minutuz eta eguerdiko 12etatik aitzinera, aquaerobic latinoa izanen da igerilekuan, bertze 45 minutuz.
Bertze aldetik, bederatzigarren Mendi Itzulia eta gero, Lesakako Beti Gazte elkarteak asteburuetako irteerei ekin dio berriz ere. Igande honetan, ekainaren 29an, Agiñara aterako dira. Irteera goizeko 8etan izanen da Leaskako Plazatik eta bortz ordu inguruko ateraldia izanen da.

Leitza Herriarteko pilota txapelketaren finaletik kanpo

Pilota kontuetara pasatuz, Leitzako pilotariek ezin izanen du iaz lortu zuten Nafarroako Herriarteko txapela defendatu. Finalerdietako itzulerako partidak jokatu zituzten asteazken arratsaldean Uharten. Leitzak eta Uhartek bina partida irabazi zituzten Leitzan, eta beraz, Uharten erabaki behar zen iazko bi finalistetatik zein sartzen zen aurtengo finalean. Azkenean Uhartek 3 partida irabazi zituen eta Leitzak bakarra. Hain zuzen, alebinetako lehen partida irabazi zuen Leitzak. Mikel Sagastibeltzak eta Oier Igartuak 18-1 irabazi zieten Luis Sanchez eta Aritz Goñiri. Hurrengo bi partidak, estu-estuak izan ziren, baina biak Uhartek irabazi zituen. Infantiletan, Igor de la Fuentek eta Ander Minak 18-15 irabazi zieten Xabier Jaunarena eta Ander Igartuari eta jubenil mailan, Garcia eta Kortabarriak 22-19 irabazi zieten Jon Jaunarena eta Aritz Sagastibeltzari. Nagusien kategorian, aisa irabazi zuen Uhartek. Imanol Garraldak eta Iosu Linzoainek 22-8 irabazi zieten Lansalot eta Iriarte leitzarrei. Bertze finalerdian, Irurtzun eta Burlata izanen dira aurrez aurre ortziral arratsaldean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun