Bigarren urtez segidan irabazi du Euskal Herriko Gazte Mailako Txapelketa Ander Erasun aurtiztarrak. Asteartean, San Juan egunez jokatu zen txapelketa Andoainen eta Oihan Larretxea bigarren sailkatuari 22 segundoko aldea kendu zion, Gainera, Erasunek azken zazpi urteotako markarik onena egin du. Hain justu ere, iaz berak egin zuen denborarik onena, 10 minutu eta 37 segundu, lau 45 ontzako eta bi kanaerdiko mozteko eta aurten 14 segundoan hobetu du.
Lau aizkolari lehian
Lau aizkolari gazte aritu ziren lehian Andoaingo plazan. Arkaitz Olano leitzarra ere aritzekoa zen, baina ez zuen jarduterik izan, aldez aurretik ohartarazi zuen bezala. Sei pago-enbor ebaki dituzte, lehenik bi 45 ontzako, ondoren bi kanaerdikoak eta azkenik bertze bi 45 ontzakoak.
Hasieratik bukaerara buruan
Txapeldunak ebaki zuen azkarren lehen 45 ontzakoa, 58 segunduan. Oihan Larretxeak minutu eta 3 segundu behar izan zituen, Ruben Saralegi leitzarrak minutu eta 4 segundu eta Zumarragako Julen Aranbarrik minutu eta 6 segundu. Hurrenkera horretan jardun dute lau izkolariek txapelketa akautu arte. Lanerdietan, hirugarren enborra ebakita, Erasunek 21 segundoko aldea lortu du, eta eutsi egin dio alde horri akitu arte. Erran bezala 10 minutu eta 23 segundu behar izan ditu aurtiztarrak. Oihan Larretxeak 22 segundu gehiago, 10 minutu eta 45 segundu behar izan zituen lanak egiteko. Ruben Saralegi iazko postuan sailkatu da, hirugarren postuan, baina 55 segundo gehiago behar izan zituen, 12 minutu eta 54 segundu. Julen Aranbarriri luze egin zitzaion lana eta iaz baino 3 minutu eta 8 segundo gehiago behar izan zituen akautzeko, 19 minutu eta 50 segundu denera.