Ekainaren 24an, Euskal Herriko gazte mailako aizkolarien txapelketa jokatuko da Andoaingo Goiko Plazan, arratsaldeko 5:30etik aitzinera. Bertan, 18 urte bete gabeko aizkolariek edo aurten beteko dituztenak ariko dira. Txapelketa honetan Ander Erasun aurtiztarra, Oihan Larretxea beratarra, Ruben Saralegi eta Arkaitz Olano leitzarrak eta Zumarragako Julen Aranbarri Elorriaga II.ak parte hartuko dute. 45 ontzako launa enbor eta 54 ontzako bina moztu beharko dituzte.
Nafarroako bigarren mailako kanporaketa
Bertze aldetik, larunbatean, ekainak 28, Nafarroako 2. mailako aizkolari txapelketako kanporaketako probak Eulaten jokatuko dira, arratsaldeko 6etan. 14 aizkolari ariko dira eta eskualdeko partaidetza nabaria izanen da bigarren mailako txapelketa honetan ere. Gerendiaingo Esteban Pikabea, Beintza-Labaiengo Xabier Mindegia, Jon Telletxea eta Jesus Etxeberria, Leitzako Xanti Olano, Etxarriko Juanjo Erdozia, Arostegiko Manuel Kañamares, Doneztebeko Luis Mari Belarra eta Juan Telletxea, Altsasuko David Amillano, Etxalarko Xabier Ariztegi, Garraldako Sergio Mandazen eta Aurtizko Ander Erasun ariko dira. Bi kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bat moztu beharko dute aizkolariek, finalerako bortz txarteletako baten bila.