Ekainaren 14an abiatu zen Berriozarren VIII. Iparraldeko Joku Torneoa. Bigarren jardunaldia Igantzin egitekoa zen aitzineko asteburuan, eta hirugarrena eta azkena, igandean, ekainak 29, jokatuko da Orbaitzetan, 12:00etatik aitzinera.
Sei modalitate desberdinetan arituko dira parte-hartzaileak: koxkor biltzen, ingudea altxatzen, txingak garraiatzen, harria jasotzen, lastoa altxatzen eta zaku lasterketan. Liga sistema erabiliz, igande honetan jokatuko den jardunaldian erabakiko da dena.
Koxkor biltzen zortzi lagunetik bortz eskualdekoak dira: Iñigo eta Andoni Lasaga (Etxalar); Patxi Iratzoki (Igantzi), Fernando Etxegarai (Bera) eta Xabier Danboriena (Ziga).
Ingude altxatzen seitik bortz dira eskualdekoak: Lazaro Bujan (Leitza), Xabi eta Karlos Sein (Igantzi) Ander Mitxelena (Bera) eta Joakin Aioroa (Ituren).
Harria altxatzen Unai Bertiz (Sunbilla) eta Josetxo Urrutia (Leitza) ari dira lehian.
Lastoarekin hirutik hiru igantziarrak dira: Xabi eta Karlos Sein eta Oskar Telletxea.
Txingarekin, azkenik, seitik bortz ingurukoak dira: Josetxo Urrutia, Lazaro Bujan eta Miguel Angel Sukuntza (Leitza), Joseba Petrirena (Bera) eta Jabier Galarregi (Etxalar). Aipatu, bertzalde, taldekako zaku lasterketan parte hartzen ari direnak Berriozarkoak direla.