Hiru txapeletik bi eskualdean. Ekainaren 7an jokatu ziren Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Urrezko Aizkolarien finalak, elite mailan eta 23 eta 18 urtez azpikoetan. Hiru kategorietan aritu ziren eskualdekoak eta azkenean bi txapel lortu zituzten. 18 urtez beherakoetan, Ander Erasun aurtiztarra guttigatik nagusitu zitzaion Oihan Larretxea beratarrari. 16:03ko denbora egin zuen Malerrekakoak, eta 17 segundo gehiago behar izan zituen Berakoak. Proba guztietan irabazi zuen Erasunek, baina Oihanek sasoian dagoela erakutsi zuen.
Rekondorentzat bertze txapela
23 urtez azpiko kategorian, berriz, Leitzara joan zen txapela. Jon Rekondok Ugaitz Mugertza mutrikuarra izan zuen aurrez aurre eta leitzarrak ere proba guztiak irabazi zituen. 18:34ko denbora egin zuen Rekondo leitzarrak eta 20:48koa gipuzkoarrak.
Elite mailan Nazabal txapeldun
Elite mailako finala jokatu zen azkenik, eta Floren Nazabalek hirugarrenez segidan jantzi zuen txapela, bere laugarrena. Bera zen faboritoa baina lana gogotik egin behar izan zuen Donato Larretxea menderatzeko. Lehenbiziko proba —45 ontzakoa zeinek kolpe guttiagotan moztu– irabazi egin zuen aranztarrak, baita hirugarrena ere —kanaerdikoa zutik moztu—. Gainerakoak Etxarri-Aranatzekoak bereganatu zituen. Azkenean, 20:53ko denbora eginez Nazabalek jantzi zuen txapela; Larretxeak 22:10ean bukatu zituen lanak.