Iaz bezala turismo bulegoak merkatuak antolatu ditu udako ortzegun goiz guziz. Uztailaren 3tik aitzinera, eta agorrilaren hondarra arte, hemezortzi postu plazan ezarriko dira etxeko edo eskuz eginiko produktuen saltzeko. Horietariko hamaikak janariak salduko dituzte, gasnak, jogurtak, barazkiak, fruituak, ahatekiak eta arnoak, bertzeak bertze, eta bertze zazpiek arropak, argazkiak eta eskulanak. Tartean herritar batzuk arituko dira: Oreka gasnategia, Irabazi Arte ustiapen elkartea, Alain Albistur hainbat lekutatik ekarritako gasnekin, eta Arantxa Leizagoien bere argazkiekin.
Astean behin feria
Astean behin eginen diren merkatuez gain, usaian bezala, feriak eginen dira hilabetean behin. Uztailekoa 13an izanen da, eta agorrilekoa 24an kontrabandisten lasterketaren kari. Horietan saltzaile eta ekoizle gehiago bilduko dira, 40 bat inguru.