Zugarramurdiko Sorginaren Eguna arrakastatsua izan zen larunbatean

Aitor AROTZENA 2008ko eka. 23a, 13:01

Malabare eta akrobaten emanaldiak ikusmina piztu zuen lezean. TTIPI TTAPA

Eguraldi sargoria izan zen kanpoan eta giro eta eta ekitaldi frexkoak lezeetan

Larunbat honetan, ekainaren 21ean, Sorginaren Eguna ospatu da Zugarramurdin. Zugarramurdiko Udalak, Akelarre elkarteak eta Sorginen Museoak elkarlanean, Nafarroako Rural Kutxaren laguntzaz antolatutako besta egun honetan erakusketa, solasaldiak, ikuskizunak, antzerkia eta sorginkeriaren feria izan zen.

Freskotasuna lezeetan

Goizean goizetik eguraldi bikaina izan zuten Zugarramurdin. Karriketako sargoria lezeetako hezetasunean goxatzeko aukera izan zuten Sorginen Egunean parte hartu zuten ehundaka bisitariek. Hasteko, Tusuri taldeak ikuskizuna eskaini zuen plazatik lezeetara. Izan ere, egun osoan Sorginkeriaren Feria izan zen lezeetan, salmenta eta kontsultarako postuekin. Honela, lezeen ilunpeak eskaintzen zuen misterioaz horniturik, sendabelarrak edo ukenduak erosi, eskuak irakurri edo bertze hainbat postuetan kuxkuxeatzeko eta ikusteko aukera izan zen. Horretaz gain, Akelarre elkarteak txozna ere paratua zuen eta jendeak jan eta edatekoak lezean bertan zituen. Lezeetan bisita gidatuak, ipuin kontalariak eta akrobaziak eta malabarak ere izan ziren goizez eta arratsaldez.

Sorginen historiak etxe aitzinetan

Modu berean, egun osoan, eskolako haurrek egindako lanen erakusketa izan zen eskola atarian. Zugarramurdiko karriketan ere suma zitekeen Sorginaren Egunaren aztarna gehiago. Honela, 1610ean epaitu zituzten hainbat herritarren etxe aitzinean epaiketei buruzko azalpenak ageri ziren. Zein akusaziopean epaitu zituzten, zein izan zen epaia, batzutan sutan erre zituztela, bertzeak espetxean hainbat denbora eman zutela…

Solasaldiak Museoko Auditoriumean

Museoko auditoriumean solasaldi ezberdinak eskaini zituzten adituek. Eguerdian, “Zugarramurdi, Espainiako inkisizioa aldatu zuen herria” solasaldia eskaini zuen Gracianne Hastoy-ek frantsesez. Arratsaldez, Juainas Paul Arzak historialariak “Xareta XVII mendean. Zergatik gertatu zen sorgin ehiza” solasaldia eskaini zuen euskaraz eta Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak “Brujas” izeneko solasaldia eskainik zuen gazteleraz Museoko auditoriumean.

Akelarrea eta eskertza errituala

Arrats partean, Bruixot Rebeld taldeak landareei eskertzeko errituala egin zuen lezeetan, kamamila, menta belarra, erromeroa, mihilua, xarbota eta bertze hainbat belar erabiliz. Herriko antzerki taldeak Akelarre baten antzespena egin zuen. Sorginaren Eguna hasteko bezala, akautzeko ere, Tusuri taldeak ikuskizuna eskaini zuen, lezeetatik plazara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!