Kulturarteko Elkarrizketaren Urtea egiten ari dira aurten Europan. Ospakizun horren harira, Bidelagun Elkarteak gaztetxoen kulturarteko topaketa antolatu du Lekarozko Aterpean, abuztuaren 29tik 31ra.
12 eta 16 urteko neska-mutikoek parte hartzen ahal izanen dute eta horretarako 948 581327 edo 679 435174 telefonoetara deitu beharko dute ekainaren 30a baino lehen. 30 euro ordaindu behar dira. Talde mugatua izanen da, 20 lagun gehienez eta taldea gidatzeko monitoreak izanen dira.
Elkar ezagutzeko
Topaketa honen helburu nagusia inguruan bizi diren nerabeak elkar ezagutu eta lagun egitea da, egun batzuz bederen, beraien jatorria zein den atzenduta. Horrez gain, tailer eta jarduera ezberdinen bitartez, herritarrak kultur elkartrukearen aberastasunaz sentsibilizatzea da helburua. Azkenik, kulturen arteko antzekotasunak bilatu eta ezberdintasunak ezagutu, errespetatu eta baloratu nahi dira.
Horretarako hainbat ekintza izanen dituzte gaztetxoek: dinamikak, kometa lantegiak, jokoak, zinemaforum, Disney gaua, graffitiak eta ongi akitzeko, zapore besta, kulturarteko bazkariarekin.