Erregistro zibilak euskaraz egin ahal izatea eskatu dute 33 alkatek

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Behatokiak eta Nafarroako 33 alkatek erregistro zibilak euskaraz egin ahal izateko baliabideak eskatu zituzten ekainaren 18an Nafarroako Diputazioaren atarian. Erregistroetako inskripzioak euskaraz egiteko programa informatikoaren euskarazko bertsioa eskatu zuten. Izan ere, uda baino lehen erregistroetako inskripzioak modu informatizatuan egiten hasteko asmoa du Gobernuak, eta horretan euskara aintzat hartzea nahi dute hainbat herrik.

Eskaera egin duten udalerriak

Hauek dira Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariari zuzendutako eskaera-gutuna sinatu duten udalerriak: Anue, Araitz, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Basaburua, Betelu, Bera, Baztan, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Ergoiena, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Imotz, Irurtzun, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Oitz, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Uharte-Arakil, Urrotz eta Zubieta. Horiez gain, bertze zenbait herritatik gutuna zuzenean igorri dute aipatu Departamentura.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun