Nafarroako Lehen Hezkuntzan lehiaketan sarituak Sunbillan eta Legasan

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Maiatzaren 17ko Internet Egunaren harira, Nafarroako Lehen Hezkuntzan lehiaketa antolatu zen Piki: la cabaña del bosque hezkuntza portalaren bidez. Zehazki hiru arlo landu zituzten lehiaketa honetan: marrazkia, albisteak eta erreportajeak. Ikasleek beraien lanak Interneten zintzilikatzeko aukera eduki zuten. Bada, lehiaketa honetako sariak banatu ziren ekainaren 16an. Eskola ttikietako ikasleek irabazi zituzten sariak, tartean Legasa eta Sunbillakoek. Albisteen kategorian, Nola ikasten dudan ordenagailuarekin! gaiari buruzko berria egin behar zuten 3. eta 4. mailako ikasleek. Bigarren saria Legasako eskolako Olatz eta Amaia Subizarrentzat izan zen eta hirugarrena Sunbillako eskolako Ana Petrirenarentzat. Bigarren eta hirugarren sari horiengatik, diploma, MP3 erreproduzitzailea eta liburu-sorta eskuratuko dituzte. Parte-hartze haundiena izan duen ikastetxea Legasako eskola izan da, Zizur Nagusikoarekin batera. Horren truke, diploma eta argazki makina digitala jasoko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun