Ekitaldiz beteriko ikasturte bukaera

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

MENA argazkilaria TTIPI TTAPA

Ikasturte bukaera ekitaldiz betetakoa izan dute eskolako haurrek. Ekainaren 16an, 10:00etan autobusa hartu eta Hernaniko Txillida Leku museoa bisitatzera joan ziren. Hasiera batean Guadalupen bazkaldu eta arratsaldean hondartzara joatekoak ziren, baina eguraldi txarraren ondorioz, Txikiparken pasa behar izan zuten arratsaldea. Aste horretan bertan, ekainak 18, Sunbillako, Iturengo eta Narbarteko eskolako ikasleak Legasako frontoian elkartu ziren, Kulki taldeak prestatutako mehatzarien jolasak eta herri kirolak egitera. Hurrengo egunean herriko zenbait haurrek martxoko Asteburu Kulturalean eskainitako antzerkien bigarren atalak antzeztu zituzten Goiko Eskolako parkean, eta ekainaren 20an, ikasturteko azken egunean, ikasleek antzerki, kanta eta beste zenbait ekitaldi egin zituzten guraso eta hurbileko jendearen aitzinean. Orain, udako oporretan, berriro ere indarberritu eta datorren irailean gogotsu hasiko dute ikasturtea. Bide batez, aipatu, datorren ikasturtean eskolako jangelan izena eman nahi duenak ekainaren 30a arte egin dezakeela, Herriko Etxera joanez edo bertara deituz: 948 450071. Argazkian aurtengo ikasturtean eskolan egon diren ikasle eta irakasleak ageri dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun