Ekainaren 6ko Udal Batzarrean Arrakoitz Industrialdea abian jartzeko hitzarmena behin betiko onetsi zen Herri Taldearen aldeko 4 botoekin eta EAren kontrako 3 botoekin, egin ziren alegazioak erantzun eta zuzendu ondotik. Arrakoitz inguruko eremuak lur industrial gisa kalifikatzeko lehenengo urratsak eman dira eta Udal Planean egin beharreko aldaketak ere behin-behineko onespena izan dute boto berdinekin.
Udalak Arrakoitzeko promotoreekin sinaturiko hitzarmenean hainbat gauza zehaztu dira. Alde batetik, Udalak Plan aldaketa egiteko konpromisoa hartu du. Bertzetik, promotoreek Udalari eman beharreko gauzak zehaztu dira. Hauen artean legeak ezartzen duen industrialdearen %10a, ur deposituaren eta depuradoraren mantentze gastuak, depositura doan bidearen mantentzea eta Arrakoitz baserria daude, bertzeak bertze.
Plan aldaketari dagokionez, industrialdeak izanen dituen metro koadroak eta eraikitzeko kapazidadea zehaztu dira. Ur depositua, depuradora, argiaren transformadorea eta aparkalekuak gune berdean kokatzen dira. Eta bertan aurreikusten da egiten diren pabiloiak nolakoak izanen diren eta zein industria mota edo zerbitzu eman dezaketen zonalde bakoitzean.