Kirol Batzordeak antolatutako IV. Kirol Eguna egin zen hilaren 14an eta arrakastatsua ez ezik, emozioz betetakoa izan zen. Funky hip-hop, aerobic, aerobic latinoa eta ciclo indoor eginez gorputza mugitzen ibili ziren goizetik. Artxila rokodromoaren edo boulderraren inaugurazioa ere egin zen eta horren sustatzaile izandako Loro Pikabea eta Xabi Zubietari eskainitako plaka agertu zuten. Bazkalondoan, omenaldia eskaini zioten aurten hil den Genaro Zelaieta futbolari haundiari. Horretarako, Gure Txokoa, Reala eta Osasunako beteranoak bildu ziren futbol-zelaian. Josu Iratzoki alkateak eta Rafa Etxeberria zinegotziak loreak eta oroigarriak eskaini zizkieten Genaroren emazte eta alabari. Gure Txokoa, Reala eta Osasunak ere euren oroigarriak eman zituzten. Euren partidatxoa jokatu zuten guztiek, eta Genaro gogoan, denak irabazle atera ziren.