Begoña Sanzberro Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eskualdean izan zen hilaren 10ean. Amuarrainen arrantza debekatua dagoen sasoi honetan, bere departamentutik espezie hau berreskuratzeko egiten ari diren lanaren berri eman nahi izan zuen. Horretarako, bisitaldian, Bera eta Baztango Ehiza eta Arrantza Elkarteko presidenteekin bildu zen, Juan Otamendi eta Alejandro Aragonekin.
Oronoz- Mugairiko arrain haztegira egindako bisitan bertako langileek amuarrainak nola hazi eta produzitzen dituzten ikusteko aukera eduki zuten, baita arrainak markatzeko eta manejatzeko modua zein den ere. Segidan Sunbilla aldera jo eta zubi zaharraren inguruan, aurten jaiotako 4.700 amuarrainkume askatu zituzten Bidasoan. Banaz bertze zazpi zentimetro eta lau gramo eta erdiko amuarrainkumeak bota zituzten. Begoña Sanzberro kontseilariak aipatu zuenez, bere departamentuan «Bidasoan berriz amuarrainak arrantzatu ahal izateko lanean ari gara». Amuarraina Berreskuratzeko Planaren barne egindako ekimena izan zen. Plan horrek bi zati ditu: batetik, neguan 150.000 enbrioi-arraultza botatzea aurreikusia dago, eta bertzetik, udaberrian 70.000 amuarrainkume isurtzea.
Amuarrain arrantzaren debekuaren harira, hurrengo urtean ere erabakia indarrean egon daitekeela iragarri zuen Sanzberrok: «Ikerketen araberakoa izanen da hori, baina normalean hiru urte irauten dute».
Sunbillako bisitaren ondotik, Etxalarko Olako presan egindako arrain eskala bisitatu zuten, baita Antsolokuetako errotaren presa ere. Azken honetan ere arrainendako eskala bat eraikitzea aurreikusia dago.
Eskualdeko bisita akautzeko, Bera aldera jo zuten kontseilariak eta Arrantza eta Ehiza Elkarteetako presidenteek. Funvera lantegiko presan arrainak harrapatzeko instalazioak bisitatu zituzten eta han ere, nola kontrolatu eta manejatzen diren, arrainak nola berreskuratzen diren eta errekan goiti amuarrainak nahiz izokinak nola askatzen diren ikusi zuten.
Bidasoa ibaian arrainei bidea errazte aldera, zortzi oztopo kenduko dira; bederatzi eskala eraiki edo hobetuko dira; arrapala bat eta ur-emaria neurtzeko estazioa ere eraikiko dira.
Izokinak bai
Izokin denboraldia hasi zenetik, dagoeneko 19 izokin arrantzatu dira Bidasoa ibaian. Gainera, euria egiten segituz gero, kopuruak goiti egin dezake.