Julen, Julian eta Fernando

TTIPI TTAPA 2008ko eka. 23a, 10:05

Bai jaun-andreak. Julen Retegi, Julian Retegi eta Fernando Arretxeri buruz ari naiz. Hasteko eta behin, mila zorion Julen Retegiri, ekainaren 7an Bigarren Mailako buruz buruko txapela lortu zuelako. Bejondeiola!
Argi eta garbi ikusten da Julian Retegik eta Fernando Arretxek gauzak oso ongi egin dituztela, beren semeak pilotari bikainak izan daitezen. Arrunt ongi transmititu dizkiete pilotari buruzko beren jakinduria eta sena. Horretan ez dago zalantzarik txikiena ere. Ez jauna!
Orain, ordea, Julen Retegi, esate baterako, alderatzen baldin badugu Aimar Olaizola, Asier Olaizola, Abel Barriola, Oinatz Bengoetxea, Xala, Sebastian Gonzalez, Kepa Peñagarikano, Imanol Agirre, Laskurain, Iñigo Pascual, Mikel Olazabal, Begino edo beste askorekin, zer ikusten dugu? Ba, euskarazko hedabideetan ere, gaztelaniaz baino ezin dela mintzatu, momentuz, behintzat. Ez dakit euskaltegiren batean ikasten ari ote den. Eta antzeko zerbait ere gertatzen zaio Iker Arretxeri, ni behinik behin, oso oker ez banago.
Zer gertatu da hor? Non dute Julian eta Fernandoren euskara bizi, fresko, atsegin, alai, natural, aberats eta komunikatiboa? Ez dakigu, baina orain arte, bederen, ez da inon ere agertu.
Egun hauetan, konparaziora, ikusi dugu, edo, entzun dugu, hobeki esanda, Julen Retegi Iñaki Elortzarekin gaztelaniaz hitz egiten Euskadi Irratirako, antza, euskaraz ez dakielako asko. Edo, beste batzuetan gertatzen da Xabier Euzkitzek eta Iñaki Elortzak elkarrizketak egiten dizkietela aitei, semeei buruz hitz egiteko, hau da, kasu honetan Julian Retegi eta Fernando Arretxeri, oso euskara bikaina dutelako biek hala biek, bakoitzak bere euskalkian.
Zein pilotazale euskaldunek ez ote lituzke estimatuko gehiago Julen eta Iker, Eratsun eta Luzaideko euskara jatorrean mintzatzen entzunen balitu? Uste dut erantzuna nabarmena dela.
Lehengo batean, Diario de Navarran ikusi nuen Retegui abizena honela idazten dutela, alegia, u letrarekin. Nik ez nieke onartuko, eta, izatez, nire abizenekin ez diet utzi egiten edozein gauza. Baina, dirudienez, Julianek horri ez dio aparteko garrantzirik ematen, ikusitakoak ikusita. Norbera askea da jokatzeko nahi duen bezala, eta besteok errespetatu egin beharko dugu, baina…
Nire ustez, pena handia da Julianek eta Fernandok ez transmititzea beren semeei euskararen altxorra, pilotaren sena eman dieten bezalaxe. Semeek ikasiko ote dute beren kabuz? Badaezpada ere, atea irekita utziko dugu; itxaropenari bere aukera emanen diogu.
Bitartean, Abel eta Oinatzen euskara goxoa entzunez gozatuko dugu.

Xanti Begiristain Iruñea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun