Doneztebeko delegazioan dauden odol emaileak omendu dituzte

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Donezteben egindako Odol Emaileen Egunean oroigarria jaso zuten batzuk eta Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteko arduradunak ageri dira argazkian, ekitaldian parte hartu zuten udal eta Nafarroako G

Urrezko bortz eta zilarrezko bederatzi intsignia banatu dira

Preziatua eta bizitzeko ezinbertzekoa. Horixe da odola. Osasuntsu dagoenaren odolak premian dagoen gaixoari mesede haundia egin diezaioke. Are gehiago, esfortzurik eskatzen ez duen odol tantak bizia salba dezake. Erietxeetan gero eta haundiagoa da odol beharra, eta horretarako, noski, odol emaileak behar dira. Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak 30.000 lagun ditu prest ezusteko arazoei aitzin egiteko, eta alde horretatik, zorionez, momentuz ez omen dago eskasiarik Nafarroan. Dena den, duela guttiko kontua da odol bankuan stock faltagatik, hainbat ebakuntza gibeleratu egin behar izan zirela. Hain zuzen, 30.000 lagun horietako 500 bat, Donezteben bildu ziren joan den ekainaren 15ean, Nafarroako Odol Emaileen XXXI. Egunaren harira. Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak antolatutako besta izan zen, eta eguna ekitaldiz betea bazegoen ere, zalantzarik gabe, omenaldiak izan ziren ekitaldirik hunkigarrienak. Doneztebeko delegazioan dauden 14 lagunek jaso zuten omenaldia; urrezko bortz intsignia eta zilarrezko bederatzi banatu ziren.

Norberaren erabakia da odola ematearena, baina horrek egin dezakeen mesedea ere kontuan hartzekoa da. 18 eta 65 urte bitarteko edozeinek eman dezake odola, 50 kilo baino gehiagoko pisua baldin badu eta osasuntsu badago. Halako egoeran dauden 280 bat lagun daude gaur egun Doneztebeko Odol Emaileen delegazioan. Duela 17 urte sortu zen Doneztebeko ordezkaritza hau eta urteen joanean 60 lagun kide izatetik 280ra igo da.

Aunitz dira lehenbizikoz odola ematera joatean ikara sentitzen dutenak. Baina segidan beldurra galdu egiten dela, eta odola ematea gauza naturala, erraza eta aberasgarria dela erran digute odol emaileek. Horixe kontatu digu Olatz Garmendia Donamariako mojak: «ni beti beldurtia izan naiz halakoetarako, baina probatuta deus ere ez dela ikusi dut. Odola eman ondotik bizimodu normalarekin segitzen dut». Bertzeen alde zerbait ona egiteko delako jendeari deia ere luzatu dio Olatzek: «Bertzeei laguntzeko aukera izanik zergatik ez elkarri lagundu? Inoiz gu ere beharrean aurki gintezke!». Donezteben bizi den Fermin Jorajuriak ere lasaitasun mezua igorri dio jendeari: «hagitz erraza da, ez beldurrik izan». Eta berdin bere herrikidea den Nere Adurizek ere: «erraza da, eta behintzat froga dezatela».

14 intsignia banatu dira

Donezteben egin zen Odol Emaileen Egunean, soilik Doneztebeko delegaziokoek jaso zuten omenaldia. Ez zen lehen aldia Doneztebek halako besta hartzen zuela, 1992an ere bertan egin baitzen, delegazioa sortu eta urtebetera. Aurten guztira 14 intsignia banatu dira, urrezko bortz eta zilarrezko bederatzi. Urrezko oroigarria jaso dutenak Jabier Apeztegia (Doneztebe), Gabriel Fuentes (Sunbilla), Jose Ignacio Olazar (Elgorriaga), Mª Jose Otxandorena (Eratsun) eta Juan Carlos Arregi (Doneztebe) dira.
Zilarrezkoa hauek jaso dute: Nere Aduriz (Doneztebe), Maite Etxenike (Sunbilla), Paulino Etxeberria (Arizkun), Olatz Garmendia (Donamariako komentua), Fermina Goienetxe (Elgorriaga), Fermin eta Txaro Jorajuria anai-arrebak (Doneztebe-Donamaria), Mª Dolores Oharriz (Sunbilla) eta Mª Luisa Telletxea (Elgorriaga). Horrez gain, urteetan odol emaileei bere laguntza eskaini dien Mª Carmen Olaetxeak ere lore sorta jaso zuen.

Zer behar da odola eman ahal izateko?

· Osasuntsu egon eta gaixotasunik ez edukitzea. · Adina: 18 eta 65 urte bitartean. · Pisua: 50 kilo baino gehiago. · Tentsio diastolikoa (baxua): 50 mmHg eta 100 mmHg artean. · Tentsio sistolikoa (altua): 100mmHg eta 180 mmHg artean. · Hemoglobina maila (gizonak):135 gr/ litroko baino altuagoa. · Hemoglobina maila (emakumeak):125 gr/ litroko baino altuagoa. · Pultsua: 50 eta 110 pultsazio artean. · Odola emateko maiztasuna (gizonak): gehienez lau aldiz urtean. · Odola emateko maiztasuna (emakumeak): gehienez hiru aldiz urtean. · Odol emate batetik bertzerako guttieneko epea: bi hilabete. · Ez baraurik joan odola ematera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun