«Jendeak auzolanerako borondate haundia du eta hori garrantzitsua da»

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 23a

Patxiku MITXELENA Zubietako alkatea TTIPI TTAPA

• Joan den urteko maiatzeko udal hauteskundeetan Zubietan ez zen zerrendarik aurkeztu, ezta urrian egindako bigarren deialdian ere. Hirugarren aukera bat izan zuten abenduan, deialdi berezia izan zen hura.

• Zubietarrek herria gobernatzea nahiko luketen herritarrak aukeratu zituzten, eta horien artean zegoen Patxiku Mitxelena. Bigarren botatuena izan zen bera.

• Lehen ere alkate izandakoa da, eta orain ere bera da alkatea. Berarekin hitz egin dugu.

Zergatik ez du nahi inork alkate izan Zubietan?

Herri ttiki hauetan alkate izanda ez da etekinik ateratzen. Gauza gutti dago hemen, dirurik ez dago, eta kanpotik ekartzea gero eta zailagoa da.

Duela urte batzuk ere alkate izandakoa zara. Nolatan sartu zinen alkatetzan?

Aldi hartan, talde bezala aurkeztu ginen. Orduan ere ez nintzen lehenbizikoa atera, baina nire aurrekoek dimititu egin zuten eta orduan izendatu ninduten alkate. Kasu honetan, berriz, hainbeste bueltaren ondotik, herritarren boto gehien jaso genituenak bildu egin ginen eta azkenean ni atera nintzen alkate.

Zein dira herri ttikien arazorik haundienak?

Arazo asko daude. Gauza asko dago egiteko eta ez dago dirurik, eta Nafarroako Gobernuaren aldetik gero eta dirulaguntza ttikiagoak heldu dira. Nik uste dut hori dela hemen arazorik haundiena. Jendeak gauzak egiteko inondik deus heldu ez dela ikusita, ez du alkatetzarako aurkeztu nahi. Kanpotik gauza bat da eta kritikatzea erraza da, baina hemen barrenean sartuta oso bestelakoa da. Gauzak egiteko aukerak dauden ikusi beharra dago.

Dirurik ezean, auzolana garrantzitsua izanen da...

Ekonomikoki Zubieta ez dago hain gaizki, baina auzolana oso garrantzitsua da, gauza asko egiten dira ongi antolatuz gero. Hala eta honela ariko gara, baina jendeak horretarako borondate haundia du eta oraindik ere funtzionatzen du auzolanak. Orain pista batzuetan zementua botatzen ari gara. Herriko ehiztariekin bilkura bat egin genuen, eta eurek auzolanean zementua botako zutela esan zuten, eta horretan ari gara elkarlanean.

Zein betebehar ditu alkateak Zubietan?
Beti izaten da zerbait egiteko. Paperak sinatu behar direla edo... Baina herri ttiki hauetan ez dago horrenbesterako lanik. Erretiratua naiz, eta egun gehienetan etortzen saiatzen naiz Herriko Etxera, goizetan. Beste batzuetan ezin izaten dut etorri.

Zein dira urte honetarako buruan dituzuen proiekturik haundienak?
Ez dugu inbertsio haundirik aurreikusi. Oraindik sartu berriak gara eta datorren urtean pentsatuko dugu hobeki horretan. Abenduan sartu ginen, beranduegi... Halere, esan beharra dago, sartu ginenean gauzak ongi harrapatu genituela. Zinegotziak ez etorri arren, gu Herriko Etxera ailegatu aurretik alkatea etortzen zen, eta ez dago kexatzekorik.

Nola ikusten duzu Zubietaren etorkizuna?
Momentu honetan biztanleria goiti doa; azken urteotan pixka bat igotzen ari da. Gazte batzuk ezkondu eta honat etorri dira eta beste batzuk hemen gelditzen ari dira, eta hori oso seinale ona da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun