Ekainaren 20a ikasturteko azken eguna da eskualdeko ikasleentzat

Goizalde URDANPILLETA 2008ko ekainaren 20a

Legasa, Narbarte, Sunbilla eta Iturengo ikasleak Legasan bildu ziren asteazkenean. TTIPI TTAPA

Ospakizun giroan eginen dute hondar egun hori

Ortzirala, ekainaren 20. Aunitzentzat data horrek ez du deus erran nahiko, baina ikasle, irakasle eta gurasoentzat erran nahi berezia du. Hilabeteak pasa dira, 2007ko irailean 2007-2008 ikasturtea hasi zenetik. Tartean hainbat ikasgai, azterketa, lan eta problema landu behar izan dituzte. 3 hiruhilabete gogor izan dira, baina aurten, bereziki hirugarrena suertatu da latza, luze joan baita. Dena dela, eguraldiak nolabait errateko lagundu du, eta kaxkar eginda ez du hainbeste pereza ematen azken asteetako ekinari ekiteko.

Maila txikienetan mantalak gorde eta nahikoa izanen dute eta beste gainerakoek liburu eta material dezente izanen dute etxeko apaletan sartzeko. Denek pozez hartuko dute eta hori dela eta, azken eguna guztiz berezia izaten da eskola guztietan ekitaldi bereziak antolatzen bai dituzte.

Legasa, Narbarte, Sunbilla eta Iturengo ikasleak Legasan bildu ziren

Ekainaren 18an, asteazkenean Legasako frontoian Narbarte, Legasa, Sunbilla eta Iturengo eskolako haur eta irakasleek topaketa berezia izan zuten eta elkarrekin ospatu zuten ikasturte amaiera. Kulki taldeak prestatutako joko eta dibertimentuetaz gozatzeko aukera izan zuten. Ez zen batere aperitibo txarra izan eta gainera eguraldia lagun izan zuten. Mota guztietako jokoak prestatu zituzten: zezenari tiraka, trena, orgatxoa, ziria sartzea, boleibol…baina modu dibertigarri eta ezberdin batean proposatu zizkieten haurrei begiraleek eta maiz eta sarri arituak izan arren, berriak izango balira hartu zituzten.

Koxkorrak ttikienen zaindari

Gauza berezia gertatzen da herrietako eskola txikiekin, izan ere, koxkorrenak arduratzen bai dira txikienez, eta hori benetan berezi eta polita suertatzen da. Frontoian algara eta irribarre aunitz ikus ahal izan genuen, eta ziur azken egunean eskolako motxila husten dutenean halakoa gertatuko dela. Baina denek ez dute eskolako azken eguna. DBH eta Batxilergoa ikasten ari direnak oraindik era jo eta ke ari dira. Garbi utzi dutenek agurtu dute ikasturtea, baina suspenditu dutenek, azken aukera dute egun hauetan. Zorte handi bat denei eta ea denek opor gozo batzuk pasatzeko aukera duten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun