Nafarroako hainbat alkatek erregistro zibilak euskaraz egin ahal izateko baliabideak eskatu dituzte

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 18a

Behatokiarekin batera eskaera egin dute asteazken goizean Diputazioan

Nafarroako 33 udalerritako agintariek, Behatokiarekin batera, erregistroetako inskripzioak euskaraz egiteko programa informatikoaren euskarazko bertsioa eskatu dute asteazken goizean Nafarroako Diputazioaren atarian. Hain zuzen ere, hauek dira Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariari zuzendutako eskaera-gutuna sinatu duten Udalerriak: Anue, Araitz, Arano, Arantza, Arbizu, Areso, Arruazu, Basaburua, Betelu, Bera, Baztan, Beintza-Labaien, Bertizarana, Donamaria, Ergoiena, Etxalar, Goizueta, Igantzi, Imotz, Irurtzun, Lakuntza, Lantz, Larraun, Leitza, Lekunberri, Lesaka, Oitz, Olazti, Orbaitzeta, Orbara, Uharte-Arakil, Urrotz eta Zubieta. Horiez gain, bertze zenbait herritatik gutuna zuzenean igorri dute aipatu Departamentura. Izan ere, uda baino lehen erregistroetako inskripzioak modu informatizatuan egiten hasteko asmoa du Gobernuak.

Eskubidea 2005ean aitortu zen

Inskripzioak Autonomia Erkidegoetako hizkuntza ofizialetan egin ahal izateko eskubidea aitortu zitzaien herritarrei 2005ean. Lege horren babesean Nafarroako zenbait herritarrek Behatokira jo dute jaiotzear ziren eta diren seme-alaben inskripzioak euskaraz egin ahal izateko laguntza eske. Hilabeteak igaro diren arren eskaerak aurkeztu zituztenetik, ez dute, ordea, inongo erantzunik jaso. Legea orain dela hiru urte onartu bazen ere, egun ezinezkoa da Nafarroan inskripzioak euskaraz egitea Administrazioek beharrezko diren mekanismoak abian jarri ez dituztelako. “Horrela, Katalunian eta Galizian inskripzioak katalanez eta galegoz egin daitezkeen bitartean, Nafarroan ez da oraindik inskripzioak euskaraz egitea ahalbidetuko duen euskarririk sortu”, salatu dute. Legeak babesa ematen ziela jakinda, Erregistro Zibilak informatizatzeko hitzarmena sinatu zutenean, Udal batzuek inforeg web-sistema abian jartzen den une beretik haren euskarazko bertsioa eskura jartzeko eskaera egin zien Nafarroako Gobernuko ordezkariei. “Euskarazko bitartekoak izanen direla adierazi ziguten, baina ez zuten datarik zehaztu”, azaldu du Ainara Maia Arantzako alkateak.

Ikastaroak ere gazteleraz

Erregistro zibil delegatuetako langileak inforeg aplikazio informatiko berriaren erabilpenean gaitzeko ikastaroak burutzen hasiak dira dagoeneko eta trebakuntza ikastaro horiek gaztelaniaz izateaz gain, aplikazio informatikoaren gaztelaniazko bertsioarekin egiten ari dira. Orain artekoa kontuan hartuta, hautetsiak beldur dira Gobernuak ez ote duen emandako hitza janen eta ez ote diren herritar euskaldunak dagoeneko 3 urtez ukatu zaien eskubidea berriz ere baliatu ezinik geratuko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun