Sorginaren Eguna ospatuko da larunbatean Zugarramurdin

Utzitako argazkiak 2008ko ekainaren 20a

Herriko antzerki taldeak akelarre baten antzespena eginen du arratsean. TTIPI TTAPA

Egun osoan sorginkeriaren feria eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira

Larunbat honetan, ekainaren 21ean, Sorginaren Eguna antolatu dute Zugarramurdin. Zugarramurdiko Udalak, Akelarre elkarteak eta Sorginen Museoak elkarlanean, Nafarroako Rural Kutxaren laguntzaz antolatutako besta egun honetan erakusketa, solasaldiak, ikuskizunak, antzerkia eta feria prestatu dute.

Goiz eta arratsaldez Sorginkeriaren Feria eginen da

Egitaraua zehaztuz, larunbat goizeko 11etan, Tusuri taldeak Sorginaren Egunari hasera emanen dion ikuskizuna eskainiko du plazatik lezeetara. Goizeko 11etatik arratsaldeko 19:30era Sorginkeriaren Feria izanen da lezeetan, salmenta eta kontsultarako postuekin. Modu berean, egun osoan, eskolako haurrek egindako lanen erakusketa izanen da lezean. Eguerdiko 12etan, museoko auditoriumean, “Zugarramurdi, Espainiako inkisizioa aldatu zuen herria” izenburua duen solasaldia eskainiko du Gracianne Hastoy-ek frantsesez. Ordu berean bisita gidatua izanen da lezeetan. Ordubatean akrobaziak eta malabarak izanen dira lezeetan.

Solasaldiak eta bisita gidatuak arratsaldez ere

Arratsakdez, 16:00etan, Juainas Paul Arzak historialariak solasaldia eskainiko du euskaraz Museoko auditorium-ean, “Xareta XVII mendean. Zergatik gertatu zen sorgin ehiza” izenburupean. Arratsaldeko 17:00etan bisita gidatua izanen da lezeetan eta ordu eta leku berean ipuin kontalaria ariko da euskaraz. Arratsaldeko 18:00etan, Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak “Brujas” izeneko solasaldia eskainiko du gazteleraz Museoko auditoriumean. Ordu berean, museo pareko plazan, txalaparta tailerra izanen da haurrentzat. Arratsaldeko 19:30ean, Bruixot Rebeld taldeak eskainitako “Landareei eskertzeko errituala” eginen da lezeetan eta leku berean, arratseko 20:30ean, herriko antzerki taldeak Akelarren baten antzespena eginen du. Sorginaren Eguna hasteko bezala, akautzeko ere, Tusuri taldeak ikuskizuna eskainiko du, lezeetatik plazara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun