Ekainaren 14an abiatu zen Berriozarren VIII. Iparraldeko Joku Torneoa. Sei modalitate desberdinetan ari dira parte-hartzaileak: koxkor biltzen, ingudea altxatzen, txingak garraiatzen, harria jasotzen, lastoa altxatzen eta zaku lasterketan. Koxkor biltzen, 50 koxkor bildu behar dituzte eta puntuatzerakoan bi denborarik onenak hartuko dira kontuan. Gainera, lehen bortz sailkatuek Nafarroako Koxkor Biltze Txapelketarako txartela eskuratuko dute. Berriozarko lehen jardunaldian, hiru lehenbizikoen artean lehia estua izan zen: Berriozarko Josu Jimenezek egin zuen denborarik onena, 6 minutu eta 15 segundu. Hiru segundura Patxi Irazoki igantziarra bigarren izan zen eta lau segundura Iñaki Senosiain. Andioone Lasaga etxalartarra laugarren izan zen eta Xabier Danboriena zigatarra bosgarren. Bi faborito nagusiek, Fernando Etxegaraik eta Iñigo Lasagak ez zuten parte hartu.
Xabi Sein onena ingudearekin eta lasto altxatzen
Ingude altxatzeko proban, minutu bateko denboran 18 kiloko ingudea altxatzea da. Hiru jardunaldietako altxaldi kopuruak batuko dira puntuatzerako orduan.
Berriozarren Xabi Sein igantziarra gailendu zen, 65 jasoaldirekin. Joakin Aioroa ittundarrak bat guttiago eman zuen. Carlos Seinek 62 egin zituen eta Ander Mitxelena beratarrak eta Berriozarko Asier Urbistondok 53na.
Lasto altxatzen hirutik hiru igantziarrak dira: Xabi eta Karlos Sein eta Oskar Telletxea.
Hauek 40 kiloko lastoa jasotzeko minutu bateko denbora dute. Hiru saioetan jasotako altxaldi kopuruak aintzat hartuko dira sariak banatzerakoan.
Berriozarren Sein lehengusuak bakarrik aritu ziren eta hamekana altxaldi eman zituzten. Hori bai, Xabik hamabigarrena egiteko 2 segundu gehiago behar izan zituen eta Carlosek 6,
Unai Bertiz sunbildarra harri jasotzen
Harria altxatzen Sunbillako Unai Bertiz eta Leitzako Josetxo Urrutia ari dira lehian, hiru motatako harriekin: 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin. Minutu bana izanen dute harri bakoitza jasotzeko eta hiru jardunaldietan jasotako kiloak batuko dira guztia erabakitzeko. Lehenbizikoan Bertiz sunbildarra izan zen nagusi, guzira 3.862 kilo terdi altxatuz. Zilindroari 14 altxaldi eman zizkion, kubikoari 9 eta bolari 11. Josetxo Urrutiak 3.625 kilo altxatu zituen. Zilindroari 13 altxaldi eman zizkion, kubikoari 8 eta bolari 11.
Sukuntza leitzarra nagusi txingekin
Txingarekin, 40 kiloko txingekin ari dira. Lehen saioan, Miguel Angel Sukuntza leitzarra izan zen jaun eta jabe, 22 plaza terdi egin baitzituen, 630 metro. Javier Galarregi etxalartarrak 14 plaza egin zituen, Berriozarko Imanol Martinek 8 plaza eta 5 metro eskas eta Josetxo Urrutia leitzarrak 6 plaza eskas. Joseba Petrirena beratarrak eta Lazaro Bujan leitzarrak ez zuten parte hartu lehen jardunaldian. Taldekako zaku lasterketan lehia estua izan zen Berriozarko bi taldeen artean.
Bigarren jardunaldia larunbatean Igantzin
Bigarren jardunaldia Igantzin jokatuko da heldu den larunbatean, ekainaren 21ean, arratsaldeko 6etatik aitzinera, eta hirugarrena eta azkena, San Pedro egunean, ekainaren 29an, jokatuko da Orbaitzetan, 12:00etatik aitzinera.