Joan den maiatzaren 17an ospatu zen Internet-en eguna eta horren harira, Nafarroako Lehen Hezkuntzan lehiaketa antolatu zen, “Piki: la cabaña del bosque” izeneko hezkuntza portalaren bidez. Zehazki hiru arlo landu zituzten lehiaketa honetan: marrazkia, albisteak eta erreportaiak. Ikasleek, beraien lanak Internet-en zintzilikatzeko aukera zuten, behin irakasleek onartu eta gero. Honela, Nafarroako bertze ikasleek lan horren berri izan zezaketen. Bada, lehiaketa honetako sariak banatu ziren astelehenean, ekainaren 16an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuan. Lehiaketa honetan nabarmen gelditu da Internetek sarbide eta aukera berdintasuna eskaintzen duela. Izan ere, eskola ttikietako ikasleek irabazi dituzte sariak, tartean Legasa eta Sunbillakoek.
Albisteak kategorian bigarren eta hirugarren sariak Legasa eta Sunbillara
Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako marrazki lehiaketan, Zer egiten dut ordenagailuarekin? gaia zuten marrazteko. Hiru lehenbiziko sariak Zizur Nagusira eta Uxuera joan ziren. Albisteak kategorian, “Nola ikasten dudan ordenagailuarekin!” gaiari buruzko berria egin behar zuten hirugarren eta laugarren mailako partehartzaileek. Lehen saria Uxueko eskolako ikasle batek lortu zuen, baina bigarrena Legasako eskolako Olatz eta Amaia Subizarrentzat izan zen eta hirugarren saria, Sunbillako eskolako Ana Petrirenarentzat. Bigarren eta hirugarren sari horiengatik, diploma, MP3 erreproduzitzailea eta liburu-xorta eskuratuko dute. Azkenik, bosgarren eta seigarren mailako ikasleei zuzendutako Erreportaien lehiaketan, hiru sariak Zizur Nagusira joan ziren.
Partehartzerik handiena Legasan
Aipatzekoa da, partehartze handiena izan duen ikastetxea Legasako eskola izan dela, Zizur Nagusikoarekin batera. Horren truke, Legasako eskolakoek diploma eta argazki makina digitala eskuratuko dute. Saritutako lanak Internet-en ikus daitezke, www.pnte.cfnavarra.es/piki helbidean.