Baztan-Errekako laxoa txapelketaren final laurdenak erabakixeak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 17a

Gibeltuta gelditu diren partidak jokatzea bakarrik falta da

Baztan-Errekako 29. Laxoa txapelketako hamargarren jardunaldia eta gibeltutako hainbat partida jokatu dira asteburu honetan. A multzoan, honako emaitza hauek izan ziren:
Irurita Bk 7, Irurita Ak 9.
Doneztebe Bk 7, Irurita Bk 9.
Doneztebe Ck 8, Irurita Ak 9.
Arraioz Bk 4, Oitz Ak 9 eta
Irurita Bk 8 Doneztebe Bk 9.

B multzoan

B multzoan berriz, Doneztebe Ak 9 eta 7 irabazi zion Doneztebe Dri; Hondarribiak ezustekoa eman zuen Iruritan eta txapelketako lehen garaipena lortu zuen, Irurita Cri 7 eta 9 irabazita. Oitz Bk 8 eta 9 galdu zuen Arraioz Aren kontra; Doneztebek Dk 9 eta 1 irabazi zion Hondarribiari eta Irurita Ck 1 eta 9 galdu zuen Doneztebe Aren kontra.

Sailkapena garbi xamar dago

Gauzak honela, bi multzotako sailkapena garbi xamar dago, baina asteburu honetan, oraindik gibeltuak gelditu diren partidak jokatuko dira. A multzoan Irurita A 24 punturekin da buruan eta Oitz A bigarren 21 punturekin. Biei partida bana falta zaie, hirugarren den Irurita Bren kontrakoa. Honek, 17 puntu ditu eta bi partidak irabazi beharko lituzke postu bat goiti egiteko. Gainerako hiru taldeek, partida guziak jokatuak dituzte, beraz sailkapena finkatua daukate: Doneztebe B laugarren da eta final laurdenetarako sailkatuko da. Final laurdenetatik kanpo gelditu dira Doneztebe C eta Arraioz B. B multzoan, Doneztebe A eta Arraioz A daude sailkapen buruan 23na punturekin, baina doneztebarrei partida bat falta zaienez, beraiek izanen dira sailkapen butu. Hirugarren postua Doneztebe Drentzat izanen da, partida baten faltan 16 puntu baititu eta Oitz B laugarren izanen da, bi partida faltan 11 puntu baititu. Irurita Ck partida guziak jokatu ditu eta 5 puntu ditu eta Hondarribiak bi partidaren faltan 3 puntu ditu. Biak final laurdenetatik kanpo geldituko dira.

Final laurdenak ekainaren 29tik aitzinera

Aldaketa handirik ez bada, honelaxe geldituko dira ekainaren 29,an, uztailaren 6an eta 13an jokatuko diren final laurdenak: Irurita A Oitz Bren kontra, Oitz A Doneztebe Dren kontra, Irurita B Arraioz Aren kontra eta Doneztebe B Doneztebe Aren kontra. Finalaurrekoak uztailaren 20, 25 eta 27an jokatuko dira eta finala abuztuaren 3an, Doneztebeko plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun