Nafarroako Odol Emaileen XXXI. Eguna ospatu zen Donezteben

Aitor AROTZENA 2008ko ekainaren 19a

Urrezko eta Zilarrezko Ttanttak jaso dituzten emaileak. TTIPI TTAPA

Urrezko eta Zilarrezko ttanttak eman zitzaizkien 50 eta 25 odol emate egin dituztenei

Igandean, ekainaren 15ean, Nafarroako odol emaileen hogeita hamekagarren besta ospatu zen Donezteben. Eguna ekitaldiz beteta zegoen, baina zalantzarik gabe, elkarteak egindako omenaldia izan zen ekitaldirik hunkigarriena. Zehazki, Iruñeko artzapezpikuak eta Jesus Goldaraz Doneztebeko apaizak eman zuten meza ondotik eman ziren urrezko eta zilarrezko intsigniak. Doneztebeko odol emaileen egunean, soilik Doneztebeko delegazioan sartuta daudenek jaso zuten omenaldia, beti bezala, tokian tokikoak omentzen bai dira. Ez da lehen aldia Doneztebek besta handia hartzen duela, orain 18 urte inguru ospatu bai zen lehen aldiz, delegazioa sortu eta urtebetera.

Urrezko 5 ttanta, Zilarrezko 9

Aurten denetara urrezko 5 intsignia eta zilarrezko 9 banatu ziren. Hauek izan ziren omenduak: Urrezko intsignia: Jabier Apeztegia, Juan Karlos Arregi, Gabriel Fuentes, Jose Ignacio Olazar eta Mari Jose Otxandorena. Zilarrezko intsignia: Nerea Aduriz, Maite Etxenike, Paulino Etxeberria, Olatz Garmendia, Fermina Goienetxe, Fermin Jorajuria, Txaro Jorajuria, Maria Dolores Oharriz eta Maria Luisa Telletxea. Horretaz gain, Juan Carlos Arregi, Doneztebeko delegatuak bertze oroigarri bat jaso zuen eta bere amak, Carmen Olaetxeak, lore-xorta.

Agintarien solasaldiak

Nafarroako Parlamentuko presidente ordeak, Javier Marcotegik, Nafarroako Gobernuko osasun kontseilaria den Maria Kutzek, Miguel San Miguel Doneztebeko alkateak eta elkarteko buruek solas egin zuten. Gero, ADONA elkartearen batzar orokorra egin zen eta zuzendaritza batzordeko kide berriak ere aurkeztu ziren. Batzarrean aipatu zenez, Nafarroan, odol emaile aldetik ongi segitzen dugu, baina eskas xamar hezurmuin emaileei dagokienez.

Besta giroa

Ondotik, aurreskua eta bandera dantza eskaini zieten eliz atarian eta txistulariek ere unea alaitu zuten. Zubietako Joaldunek bidea zabaldu zuten Intzakardi parkeraino, izan ere, bertan Nafarroako aretzea izendapeneko 300 kiloko aretzea erretzen ari bai ziren. Honek izugarrizko ikusmina piztu zuen eta jende andana bildu zen ikustera, eta noski, jatera. Jaki gustagarri hau dastatzeko jendea ilaran jarri zen eta bere unea noiz iritsiko pazientziarekin hartu zuten. Eguneko ekitaldiekin jarraitzeko bazkaria, hainbat erakustaldi eta dantzaldia izan zuten. Kontuak kontu, odol emaileek egiten duten lana eskertzea da garrantzitsuena eta beraiek gogo onez eta ilusioz egiten dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun