Eskualdeko turismoa garatzeko, eskuartean dituzten asmoen berri eman zuten Bertizko Turismo Partzuergoko arduradunek ekainaren 4an. Horien artean, gainean dagoena igande honetan, ekainak 15, Bertizko Natur Parkean eginen den Artisautza eta Naturaren azoka dago. Eskualdeko artisauen lanak erakusgai paratzeaz gain, haurrentzat ekitaldiak, musika, zozketak eta abar izanen dira, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara. Artisauen azoka karpan paratuko da. Umeentzako zaldi ibilaldiak ere izanen dira eta txistu eta trikitixa doinuak ere adituko dira. Zozketak ere eginen dira.
Aurten berrikuntzak
Bertizko Parzuergo Turistikoak, ohikoak diren ekimenez gain —Naturan egonaldiak, Urdazubi-Baztango Donejakue Bideko ekitaldiak, Urdazubiko Pilotaren Unibertsoa...—, aurten berrikuntza gisa bisita gidatuak antolatuko ditu Baztango eta Etxalarko megalitoetara, Leurtzako urtegietara eta Mendaurrera. Donamariako Jauregiarako bisitek ere segituko dute eta Iruritako Jauregiak ateak zabalduko ditu.