Larunbat honetan hasiko da Iparraldeko Joku Torneoa Berriozarren

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 13a

Eskualdeko 20 kirolarik parte hartuko dute

Larunbat honetan, ekainak 14, abiatuko da VIII. Iparraldeko Joku Torneoa. Berriozarko Eguzki plazan aukeratu dute horretarako, eta 18:30etik aitzinera hasiko da ekitaldia. Sei modalitate desberdinetan ariko dira parte-hartzaileak lehian: koxkor biltzen, ingudea altxatzen, txingak garraiatzen, harri altxatzen, lastoa altxatzen eta zaku lasterketan. Liga sistema erabiliz, Igantzin ekainaren 21ean 18.00etatik aitzinera eta ekainaren 29an Orbaitzetan 12:00etatik aitzinera jokatuko diren jardunaldietako emaitzak kontuan hartuz erabakiko da dena. Aipatutako sei modalitate horiez gain, orga jokua ikusteko aukera ere izanen da, baina hau ez dago Torneo honen barne.

Eskualdeko 20 kirolari

Parte hartuko duten gehienak eskualdekoak dira. Koxkor biltzen zortzi lagunetik bortz ingurukoak dira: Etxalarko Iñigo eta Andoni Lasaga; Igantziko Patxi Iratzoki, Anizko Gabon Gamio eta Zigako Xabier Danboriena. Eurekin batera Berriozarko bi mutilek Josu Jimenezek eta Iñaki Ekisoainek parte hartuko dute. 50 koxkor bildu beharko dituzte eta puntuatzerakoan bi denborarik onenak hartuko dira kontuan. Gainera, lehen bortz sailkatuek Nafarroako Koxkor Biltze Txapelketarako txartela eskuratuko dute. Ingude altxatzeko proban, seitik bortz dira eskualdekoak: Leitzako Lazaro Bujan, Igantziko Xabi eta Karlos Sein eta Berako Igor Lasaga eta Ander Mitxelena. Seigarren parte-hartzailea Berriozarkoa izanen da, Asier Urbistondo. Hauen lana minuto bateko denboran 18 kiloko ingudea altxatzea izanen da. Hiru jardunaldietako altxaldi kopuruak batuko dira puntuatzerako orduan.

Harri jasotzen eta lasto altxatzen denak ingurukoak

Harriarekin Unai Bertiz sunbildarra eta Josetxo Urrutia leitzarra lehiatuko dira, eta hiru motatako harriekin ari beharko dute lanean: 125 kiloko zilindroarekin, 112,5 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko bolarekin. Minutu bana izanen dute harri bakoitza jasotzeko eta hiru jardunaldietan jasotako kiloak batuko dira guztia erabakitzeko. Lastoarekin, berriz, hirutik hiru igantziarrak dira: Xabi eta Karlos Sein eta Oskar Telletxea. Hauek 40 kiloko lastoa jasotzeko minutu bateko denbora izanen dute. Hiru saioetan jasotako altxaldi kopuruak aintzat hartuko dira sariak banatzerakoan.

Txingarekin, azkenik, seitik bortz ingurukoak dira: Josetxo Urrutia, Lazaro Bujan eta Miguel Angel Sukuntza leitzarrak, Joseba Petrirena beratarra eta Jabier Galarregi etxalartarra. Seigarren parte-hartzailea Berriozarko Imanol Martin izanen da. 40 kiloko txingak ibili beharko dituzte eskuartean, eta puntuatzerakoan egindako plazak hartuko dira kontuan. Aipatu, bertzalde, taldekako zaku lasterketan parte hartuko duten bi taldeak Berriozarkoak direla. 65 kiloko zakua bizkarrean hirukoteak 360 metro egin beharko ditu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun