Europako kamioi lasterketako txapelketako hirugarren jardunaldia egin zen ekainaren 7 eta 8ko asteburuan Albaceten, Espainian. Asteburu gogorra izan zen Javier Mariezkurrena gidari doneztebarrarentzat eta Ederki tailerreko eskuderiarentzat. Izan ere, MAN enpresako ingeniariek oraindik ez dute lortu Italian hasitako arazo elektronikoak moldatu. Honela, Ederki eskuderiak lana gogotik egiten badu ere, motorrak ez du ematen ahal duen guzia ematen eta horrek ezinegona sortzen du taldearengan eta gidariarengan.
Larunbateko karrerak
Dena dela, larunbateko karrerei dagokienez, lehenbizikoan hamabigarren postuan akitu zuen Mariezkurrenak gidatutako kamioiak. Bigarren karreran, postuak hobetzen ari zen Mariezkurrena. Hamargarren postuan zegoenean, kolpea hartu eta gibeleko gurpil bat lehertu zitzaion. Bortz itzuli bertzerik gelditzen ez zirenean proba utzi behar izan zuen.
Igandeko karrerak
Igandeko karreretarako hagitzez ikusle gehiago bildu zen Albaceteko zirkuituan, 15.000 zale inguru. Ikuskizun handia espero zuten eta azken lasterketa arte gelditu zirenek izan zuten ikusteko aukera. Euri jasa ikaragarria erori zen Albaceten. Lehenbiziko lasterketan, azken postutik abiatu behar izan zuen Mariezkurrenak, azaro elektronikoen ondorioz abiadura gehiegi eramateagatik sanzioa jaso baitzuen. Hamalaugarren postuan akitu zuen lasterketa. Beraz, azkeneko karreran hamalaugarren postu horretatik abiatu zen. Euriaren ondorioz, bi itzuli falta zirela karrera bertan behera utzi behar izan zuten eta momentu horretan gidariek zituzten postuak mantendu zituzten antolatzaileek. Honela, Europako txapelketan hamekagarren postuan akautu zuen Doneztebeko taldeak eta Espainiako txapelketan bigarrenean.
Orain bigarren Espainiako txapelketan
Sailkapen orokorrari dagokionez, orain Javier Mariezkurrena hamabigarrena da Europako txapelketan eta Espainiako txapelketan lidergoa galdu eta bigarren da. Orain, hiru asteko atsedenaldiaren ondotik, hurrengo proba ekainaren 28 eta 29an izanen du Mariezkurrenak eta bere taldeak Frantzian, Nogaroko zirkuituan. Ea ordurako arazo elektronikoak moldatu eta goitiko postuetara itzultzen den.