Adona Nafarroako Odol Emaileen Elkarteak antolatuta Odol Emaileen hogeita hamekagarren Eguna eginen da igande honetan Donezteben. Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Aretxea jatorri-deituraren laguntza izanen du ekimenak. Goizetik ekitaldi ugari izanen dira.
Egitarau zabala goizetik
10:15ean Udaletxean Doneztebeko txistulariek eta trikitilariek eta Deikazteluko Bizkarra musika taldeak ongi etorri eginen diete odo-emaileei. 10:30ean elizan Meza. Francisco Perez Gonzalez Iruñeko Artzapezpikua egonen da, eta parrokiako abesbatzak kantatuko du. 11:30ean elizan Herriko odol-emaileei urrezko eta zilarrezko oroigarriak emanen zaizkie. Batzar Orokor Arrunt eta Berezia ere eginen dira. 12:30ean eliz atarian Banderaren dantza eta Zubietako joaldunak. 13:00etan Intzakardin Aretxe errearen dastaketa, Nafarroako Aretxea AGBak eskainia. 300 bat kiloko aretxea erreko da osorik eta 1.200 pintxo inguru banatuko dira, jendeak dasta dezan. 14:30ean kiroldegian Bazkaria eginen da honako menu honekin: urdaiazpikoa, zainzuriak, frito txikiak eta piper beteak; axuri errea letxugarekin eta postrerako limoi-sorbetea. Ogia, Nafarroako ardoak, ur minerala eta gaseosa, kafea, pastak eta pattarrak, 25 euroko prezioan sartuak daude.
Erremonte partida eta aizkora apostua arratsaldean
Bazkalondoan, 17:00etan pilotalekuan Erremonte erakustaldia, Doneztebeko Erremonte Eskolaren eskutik. Retegi eta Urrutia, Ezkurra eta Rabinaren kontra ariko dira. Segidan aizkora apostua jokatuko dute Belarra eta Telletxeak, Rekondo eta Erasunen kontra. Beraz, herriko bi aizkolari beteranoek, berriki Urrezko Aizkora irabazi duten aizkolari gazteka izanen dituzte arerio. Besta eguna akitzeko Jalisko Bandekin dantzaldia izanen da eta arratsaldeko 19:00etan autobusak etxeetara bueltan joanen dira.