Begoña Sanzberro, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria eskualdean izan da asteartean, ekainaren 10ean. Amoarrainaren arrantza debekatua dagoen sasoi honetan, bere departamentutik espezie hau berreskuratzeko egiten ari diren lanaren berri eman nahi izan du. Horretarako, bisitaldian, Bera eta Baztango Ehizi eta Arrantza Elkarteko presidenteekin izan da, Juan Otamendi eta Alejandro Aragonekin.
4.700 amoarrain kume Sunbillan
Goizean Oronoz-Mugairiko arrain haztegia bisitatu dute eta bertako langileek, amoarrainak nola hazi eta produzitzen dituzten erakutsi diete, baita arrainak markatzeko eta manejatzeko modua ere. Segidan Sunbilla aldera jo dute eta bertako zubi zaharraren inguruan, aurten jaiotako 4.700 amoarrain kume libratu dituzte Bidasoa errekan. Banaz bertze 7 zentimetroko eta lau gramo terdiko amoarrain kumeak ziren. Beharbada hau izan da eguneko ekitaldirik garrantzitsuena. Begoña Sanzberro kontseilariak aipatu duenez, bere departamentutik Bidasoa errekan berriz ere amoarrainak arrantzatu ahal izateko lanean ari dira:
Etxalarren eta Beran
Sunbillatik Etxalar aldera jo dute eta Olako presan egindako arrain eskala bisitatu dute, baita Antsolokuetako errotaren presa ere. Azken honetan ere arrainendako eskala bat eraikitzea aurrikusia dago. Eskualdeko bisita akautzeko, Bera aldera jo dute kontseilariak eta arrantza eta ehizi elkartetako presidenteek. Funvera lantegiko presan, arrainak harrapatzeko instalazioak bisitatu dituzte eta han ere, nola kontrolatu eta manejatzen diren, arrainak nola berreskuratzen diren eta errekan goiti amoarrainak nahiz izokinak nola askatzen diren ikusi dute.